Alaitz Aranbarrik zilarrezko domina eskuratu du federatu gorenen Espainiako Kopan
Gimnastikalari markina-xemeindarrak Eibarko Ipurua taldeagaz lortu du garaipena, Iruñeko Arena pabilioian. Federatu gorenen Espainiako Kopa jokatzeaz gain, oinarrizko federatuen Espainiako Txapelketa ere lehiatu da asteburuan.
Gimnastika erritmikoko oinarrizko federatuen Espainiako Txapelketa eta federatu gorenen Espainiako Kopa lehiatu dira lau egunetan Iruñeko Arena pabilioian. Espainiako Kopan, hain zuzen ere, Alaitz Aranbarri gimnastikalari markina-xemeindarrak parte hartu du, Eibarko Ipurua taldeagaz, eta zilarrezko domina eskuratu du.
Aranbarri eta haren taldekideak (Arrate Baroja, Maddi Teeran, Jenifer Hernandez eta Nahia Argiz) Donostiako taldearen atzetik eta Maspalomasen (Kanaria Handia) aurretik geratu dira; lau egunetan 2.300 gimnastikalari batu dira Iruñean. “Lau egunetan gimnastikalari asko batu dira Iruñean. Horrek erakusten du, nahiz eta gehienetan laguntzarik ez eduki, gimnastika erritmikoarenganako zaletasuna badagoela. Zaletasunak guraso garenon esfortzuagaz jarraitzen du aurrera”, esan dute.
Lorpen horri Ipuruak Bermeoko Xixili Torneoan eta Zaragozako (Espinia) Uteboko txapelketan lortutako garaipenak gehitu behar zaizkie. “Honek erakusten du Ipuruak denboraldiko azken txanpan ere maila onean jarraitzen duela”, esan dute jarraitzaileek.
Orain artekoak eginda, asteburuan Barakaldoko BECen ospatuko den Euskalgym nazioarteko galan parte hartuko dute Ipuruakoek. “Hiru asteburu barru, ostera, Espainiako Txapelketa jokatuko da Zaragozan, eta Ipuruako gimnastikalariek horretan ere parte hartuko dute”.
Zehaztu dutenez, Espainiako Kopak eta Espainiako Txapelketaren artean berezitasun batzuk daude. “Kopan pase bakarra dago, eta txapelketan bi alderantziz, eta bi horien gehiketa da azken emaitza”. Kopan, gainera, komunitateko bi sailkatzen direla argitu dute, eta txapelketan, ostera, bost.
Emaitza onak lortuta, “denboraldia goiko postuetan amaitzeko” azken txapelketetarako ere animoak bizi-bizi dituztela esan dute.