Erakusketa antolatzeko argazkiak batzen hasi da Lekeitioko Aittitta Txiki elkartea
Hondartza eta bainua izango da aurtengo gaia. Argazkiak kultur etxean uzteko eskaria egin diete herritarrei.
Lekeitioko Aittitta Txiki elkarteak antolatuta, herriko argazki zaharren erakusketa egongo da ikusgai azaroaren 30etik abenduaren 8ra bitartean Barandiaran aretoan. Aurtengo gaia Hondartza eta bainua izango da, eta erakusketarako argazkiak batzen hasi da kultur elkartea. Beraz, herritarrei herriko argazki zaharrak uzteko eskaera egin diete. Hain zuzen ere, herritarrek utzitako argazki horiek izango dira Barandiaranen ikusgai ipiniko dituztenak. “1970 urtetik atzerako argazkiak jasoko dira batez ere”.
Portuan edo hondartzan jendea bainua hartzen erakusten duten argazki zaharrak kultur etxean utzi behar dituzte herritarrek. «Argazkiak aurkezterakoan argazkia uzten duenaren izena eta telefono zenbakia eta argazkia zein urtetakoa den zehaztu beharko da», esan dute elkarteko kideek.
Argazkiak eskaneatu eta segituan berriro bueltatuko dituztela azaldu dute. “Bertan kultur etxean jaso ahalko dira berriz”. Iaz ere arrakasta handia eduki zuen ekimenak, eta aurten ere horrela izateko herritarren laguntza ezinbesteko izango du elkarteak. Hori dela eta, argazkiak uztera animatu dituzte herritarrak.