Basoen etorkizunari buruzko hitzaldia eskainiko dute Berriatuan
Iñaki Aizpuru biologoak 'Basoa: zergatik eta zertarako behar ditugu' izeneko solasaldia eskainiko du eguenean [azaroak 14].
Berriatuko bideogelak udalerriko basoen gaur egungo egoerari eta etorkizunera begirako irtenbideei buruzko hitzaldia hartuko du eguenean [azaroak 14]. Berriatuko Udalak antolatuta, solasaldia 18:30ean hasiko da eta Iñaki Aizpuru biologoa izango da hizlaria.
Besteak beste, Aizpuruk ingurumenarentzat eta gizartearentzat berebiziko garrantzia duten elementu horien inguruko gogoetak eskainiko ditu. Hitzaldia hasteko, Berriatuak gaur egun bizi duen egoeraren buruzko hausnarketa egingo du; eukaliptoen basoen ordezko alternatiben inguruan ariko da.
Ondoren, gizadiak basoak zergatik eta zertarako behar dituen azalduko du biologoak. Horrela, dakartzaten onurak azpimarratu, eta horiek aprobetxatzeko metodoak aztertuko ditu solasaldian, baita urek eragindako arazoak ere. Arlo horretan beste hainbat udalerrik hartutako bide eta estrategiak azalduko ditu: Itsasondon, Oñatin, Aramaion, Mutrikun, Oiartzunen eta Errenterian jarraitutako metodoak jorratuko ditu.
Horrez gain, Itsasondon lursailen erosketak gauzatzerako orduan horiek nola bideratzen dituzten landuko du solasaldira hurreratzen direnekin. Hitzaldiarekin bukatzeko Berriatua eta inguruko lurraren etorkizunari buruzko gogoetak eskainiko ditu.