Berriatuko II. Egutegi Argazki Lehiaketa abian da
Herriko kultur ekintzak izango dira egutegiaren ardatz nagusia. Interesatuek azaroaren 28ra arte aurkeztu ahalko dituzte argazkiak.
Urtea amaitzear dagoela Berriatuko Udala 2020ko egutegira begira jarri da. Egutegia osatzeko herritarren partaidetza bilatzen du; bigarren urtez egingo dute Egutegi Argazki Lehiaketa.
Lehiaketaren ardatza udalerrian egin diren kultur ekintza eta egitasmoak izango dira, joan den urtean egin bezala. Jon Arriola Berriatuko alkatearen berbetan, lehiaketak “arrakasta handia” izan zuen iaz, eta horrekin jarraitzeko gogotsu agertu dira; izan ere, egitasmoa herritarren parte hartzea eta inplikazioa sustatzeko bidea da.
2018ko abendutik 2019ko azarora arte Berriatuko edozein kultur ekintzako argazkiak aurkeztuko ahalko dituzte parte hartzaileek; azaroaren 28a baino lehen bidali beharko dituzte argazkiak.
Udalak zehaztu duen araudiaren arabera, argazkiak formatu horizontalean aurkeztu beharko dira. Horiek formatu digitalean bidali beharko dira egutegiargazkiak@gmail.com helbide elektronikora. Argazki bakoitzari hilabetearen izena jarri beharko zaiola nabarmendu dute antolatzaileek.
Hainbat sari. Parte hartzaileen artean banatuko dituzten sariak zeintzuk izango diren zehaztu dute udaletik. Argazki onena bidaltzen duen partaideak herriko komertzioetan erabiltzeko 100 euroko bonoa jasoko du. Sari berbera prestatu dute argazkien lote onena aurkezten duen parte hartzailearentzat; lotea gutxienez lau argazkirekin osatuta egon beharko da.
Argazki onenentzako sariekin batera parte hartzaile guztien artean zozketa egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Herriko komertzioetan erabiltzeko 50 euroko bi bono zozkatuko dituzte.
Udalak azaldu duenez, aukeratutako argazkiek egutegia osatzeko balioko dute; 2020ko egutegi horiek udalerriko etxebizitza guztietara banatuko dituztela azpimarratu dute.