Egunotan hasiko dituzte Mutrikuko Samikolla azpiko malda egonkortzeko lanak
Lanak direla eta, itxita dago San Nikolas ermitaren aurreko eremua. Ibilgailuek Santabatako sarreratik sartu beharko dute lanek dirauten bitartean.
Mutrikuko udal ordezkariek jakitera eman dutenez, laster hasiko dituzte Samikolla ermitaren azpiko malda egonkortzeko lanak. Aurrekontua 134.430 eurokoa da (BEZ barne). Alkoleako tuneleko obrak egiten ari den Zubieder enpresa arduratuko da lanetaz, eta bost bat asteko iraupena izango dutela aurreratu dute. Joseba Palenzuela alkatea pozik agertu da. “Urteak daramatza mendiak gutxinaka amiltzen. Leku ezegonkorra da, eta behingoz konponbide iraunkor emango zaio arazoari”.
Mutrikuko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Portu eta Itsas Gaietako sailaren arteko akordioari esker, lanen finantzaketaren eta exekuzioan lankidetzan ariko dira. Guztizko kostu zenbatetsia bi erakundeek ekarpenekin finantzatuko dute; bakoitzak %50ean. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Mutrikuko Udalak egin du lanen kontratazioa.
Zubieder enpresako langileak San Nikolas ermitaren aurreko gunea eta jolas parkearen zati bat hesitzen ibili dira azken egunetan, eta gaur [azaroak 13] goizean amaitu dute zeregin hori. Lanak direla eta, itxita dago ermitaren aurreko eremua. Oinezkoek ermitaren atzeko espaloitik igarotzeko lekua dute, baina ibilgailuek Santabatako sarreratik sartu beharko dute lanek dirauten bitartean.
Langileek HITZAri jakitera eman diotenez, lanen hurrengo pausoa eskalatzaileen laguntzarekin sasiak moztea izango da, eta ondoren hasiko dituzte lanak. Ermitaren aurren garabi bat ipiniko dute, eta handik zintzilik egongo den kaiola antzeko egitura batetik burutuko dituzte egonkortze lanak. Malda nahikoa ezegonkorra da, eta berau egonkortzea zaila izango dela esan dute langileek.
Burumendi hondartzara doan bidea, oraingoz, zabalik egongo dela aurreratu du alkateak, baina herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoa baldin bada, itxi egingo dutela iragarri du. “Hasieran baten ez dute moztuko moila berriko bidea, baina ikusiko balitz moztu beharra dagoela, itxi egin beharko da”.