Euskerean Eupadea!-gaz jolasten hasiko dira Lea-Artibaiko gaztetxoak
Lehen kanporaketa saioak jokatuko dira domekan [azaroak 17] Ziortza-Bolibarren eta Berriatuan. 20 taldek parte hartuko dute aurten Herribixik antolatutako lehiaketan.
Domekan [azaroak 17] hasiko da jokoan bigarren Euskerean Eupadea! Txapelketak bere lehen ekitaldian eduki zuen arrakastak bultzatuta antolatu dute bigarren lehiaketa Herribixikoek. Guztira, 20 talde izango dira Lea-Artibaiko gaztetxoen arteko taldekako lehiaketan zein baino zein gehiago ariko direnak; 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat gaztetxo.
Hiru kanporaketa egongo dira abenduaren 1ean Ondarroan izango den finalaren aurretik: domekan [azaroak 17] 12:00etan Ziortza-Bolibarko frontoian eta 17:00etan Berriatuko frontoian eta azaroaren 24an 17:00etan Aulestiko aretoan. Kanporaketa horietan parte hartuko duten taldeak hiru proba egin beharko dituzte, eta proba horietan puntu gehien lortzen dituen taldea Ondarroako finalera igaroko da.
Probak. Sormen diziplina ezberdinak lantzea helburu, aurtengo lehenengo proba marrazketakoa izango dela aurreratu dute Herribixikoek. Taldekideek txandaka antolakuntzak jarritako zerbaiten marrazkia egin beharko dute arbel batean. “Langintza bat, elikagai bat edo leku bat izango dira adibidez”, zehaztu dute. Batek marraztu eta taldekideek asmatu egin beharko dute zer den. “Ia zeinek bizkorrago igarri eta zeinek ondo igarri izango da gakoa”.
Talde guztiek lehen proba osatutakoan hasiko da bigarrena, galderen proba. Bi minutu edukiko dituzte taldeek galderak erantzuteko eta sei galdera izango dira denetara. “Eskualdeko pertsonaia ezagunen ingurukoak, eskualdeko mendien ingurukoak, auzoen ingurukoak, erreken ingurukoak edo biztanle kopuruari dagozkienak izango dira; hau da, eskualdeko galdera orokorrak”. Erantzuten laguntzeko, baina, Herribixikoek aukerak ere emango dizkiete.
Eta hirugarren eta azken proba inprobisazio jolasa izango da. Zozketa bidez talde bakoitzari lau gauza emango dizkiote eta 10 minutuan zer edo zer asmatu beharko dute taldeek, gero jendaurrean erakusteko. “Antzezpenak edo inprobisazioak gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko du. Hamar minutuan pentsatu eta, gero, txandaka erakutsiko diote publikoari sortu duten ikuskizun edo inprobisazioa”.
Talde kopuruaren arabera, kanporaketa batzuetan txanda bi egongo direla azaldu dute Herribixikoek. “Ziortza-Bolibarren bakarra egongo da, baina Berriatuan, esaterako, bi txanda egin beharko dira zortzi talde daudelako”. Guztira, bost talde igaroko dira Ondarroako finalera. “Finalean proba gehiago egin beharko dituzte”.
Eskualdeko udalen eta kooperatiben laguntzagaz antolatu dute lehiaketa. “Kanporaketetan eta finalean emango ditugun sariak eskualdeko kooperatibek emandakoak dira; produktuak eta abentura ekintzak dira besteak beste”. Talde guztiek eskualdeko produktu sorta jasoko dutela opari ere jakitera eman dute antolatzaileek: “parte hartzearren eta euskarari euren eupada ematearren”. Izan ere, lehiaketaren helburua eskualdeko euskalki ezberdinak landu eta gaztetxoen arteko ezagutza sustatzea dela gogora ekarri dute Herribixikoek. “Euskararen eta kulturaren bidez gure herrietatik mugitzea. Alboko herrietara joan eta han ere ekintzak egin eta jende berria ezagutzea”.