Mikel Lertxundi artistak bere ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko du Berriatuan
Lertxundik eta Maribel Aiertzak idatzi duten liburuak eskultorearen 45 urteko ibilbidea lantzen du. Aurkezpena barikuan [azaroak 15] izango da, 19:00etan, bideo gelan. Lander Eizagirre kazetariak gidatuko du aurkezpena.
Lertxundi: espazioa, lurra, denbora liburua aurkeztuko dute barikuan [azaroak 15], 19:00etan, Berriatuko bideo gelan. Liburuak eskultore berriatuarraren ikuspegi berezia laburbiltzen du. Liburua Maribel Aiertzak eta Lertxundik egin dute, elkarlanean, eta Berriatuko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzari esker argitaratu dute.
Aurkezpena Lander Eizagirre kazetariak gidatuko du, eta Lertxundik bere lanaren buruzko hausnarketa egingo du, Aiertzak lagunduta. Aurkezpena irudiekin lagundua egongo dela aurreratu dute: Lertxundiren 45 urteko ibilbidearen “esentzia” jasoko du ekimenak.
“Tokikotasunetik unibertsaltasunera”. Eskultoreak bere ibilbide luzean sortu dituen lan eta erakusketak jorratzen ditu liburuak. Hala, artistak sortutako unibertso plastikoan sakontzen du obrak: pertzepzio eta hausnarketa desberdinak poema, aforismo, narrazio eta saiakera forman jorratu dituzte, 160tik gora argazkiz lagunduta.
Horrez gain, artea eta natura “tokikotasunetik unibertsaltasunera” jorratzen dira liburuan. Japoniako eta Alemaniako adituen hausnarketak ere laburbildu dituzte egileek. Liburua euskaraz, gazteleraz eta ingelesez argitaratu dute.