Etxebarriko Gazte Asanbladak egutegi herrikoia eratuko du
Egutegia osatzeko argazkiak batzen hasi dira. Azaroaren 20ra arte egongo da argazkiak bidaltzeko aukera.
Etxebarriko Gazte Asanbladak egutegi herrikoi bat prestatuko du Etxebarriko ekintza, paisaia eta lekuen argazkiekin, eta argazkiak batu nahi dituzte osatzeko. Azaldu dutenez, argazkiak azaroaren 20a bitartean bidali ahalko dituzte etxebarritarrek etxebarrikogazteasanblada@gmail.com helbide elektronikora. “Gehienez bost argazki bidal daitezke”.
Argazki horien artean aukeraketa bat egingo dute ondoren, herritarren parte hartzeagaz. Horretarako, argazki horiek guztiak ikusgai jarriko dituzte, udaletxean lehenengo eta frontoian, gero, eta argazki horien artean gustukoenak bozkatzeko aukera edukiko dute herritarrek. “Kutxa bat jarriko dugu paperekin herritarrek euren erabakia emateko, eta gehienez hiru argazki bozkatu ahalko dira”.
Zehaztu dutenez, argazkiak azaroaren 25eko astean egongo dira ikusgai udaletxean, eta San Andres egunean (azaroak 30) frontoian. Kutxako emaitzak zenbatu ostean, argazkiak zehaztu eta egutegia eratuko dute. Egutegia abendu amaieran jarriko dute salgai, Olaia aurrean jarriko duten txokoan.