Hirugarren Odoloste Eguna ospatuko dute Markina-Xemeinen
Beti Jai jubilatuen elkartekoek 140 odoloste korda prestatu dituzte, zapatuan Plazabarripean ospatuko den ekitaldian eskaintzeko.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkartekoek 140 odoloste korda prestatu dituzte zapatuan [azaroak 16] ospatuko den Odoloste Egunean herritarrei eskaintzeko. Egun bitan prestatu dituzte odolosteak aurten, bost lagunen artean eguneko, eta baserri batean elkartu dira prestaketetarako.
Beti Jaiko kideek azaldu dutenez, 780 porru, 95 kilo tipula, 42 litro koipe, 270 metro heste eta behar beste gatz erabili dituzte odolosteak prestatzeko. Odoloste handiak atera zaizkiela aurreratu dute. “30-32 bitarteko diametroa daukaten hesteak erabili ditugu odolosteak egiteko. Oso onak atera dira bat ere ez zaigu apurtu-eta”. Lau odolosteko txorta bakoitzak kilo bat inguru duela zehaztu dute, hau da, odoloste bakoitza 250 gramo ingurukoa da. “Odolosteak eskegita ditugu, freskuran. Lekuagatik aurten hobeto aireztatuta egongo dira”.
Zapatu goizean eramango dituzte denak Plazabarripera. Hasiera batean ospakizuna Beti Jai elkartearen egoitza aurreko plazan egitea zuten asmoa, urtero bezala. Baina euria iragarrita dagoenez, Plazabarripean jarriko dituzte mahaiak. 12:30ean hasiko da dastaketa, odolosteak amaitu arte; odoloste pintxoak eta osoak ere salduko dituzte.
Eta, iazko modura, egunari oraindik jai giro handiagoa emateko, Itziarko Jon Ostolaza eta taldearen erromeria ere egongo da. “Ostolazak eta taldeak jarriko du giroa».