Markina-Xemeinen amaituko da Euskal Herriko 30. Hiru Txirlo Txapelketa
Momentuz, bolatoki baten faltan, Elgoibarko Xabier Loiola (San Migel) doa sailkapenaren buruan. Zapatuko jaurtialdia 17:00etan hasiko da.
Euskal Herriko bolariek hitzordu garrantzitsua daukate zapatuan [azaroak 16] Markina-Xemeinen. Euskal Herriko 30. Hiru Txirlo Txapelketako azken jaurtialdia jokatuko da bertan, eta aurtengo txapela nork jantziko duen erabakiko da.
Momentuz, bolatoki baten faltan, Elgoibarko Xabier Loiola (San Migel) doa sailkapenaren buruan. Loiolak Lasturreko eta Iruzubietako norgehiagokak irabazi zituen eta joan den astean Elgoibarko San Pedroko bolatokian ere tartea handitzea lortu zuen, hiru txirlo jota. 6 txirloko aldea ateratzen dio Loiolak bigarren dagoen Soraluzeko Jose Antonio Nuñezi (San Andres). Nuñezek bezala 11 txirlo dituzte Eibarko Bittor Ugarteburuk (Asola Berri) eta Markina-Xemeingo Lander Odiagak (MX3T).
Bost laguneko taldea dago ondoren, 10 txirlogaz eta horien artean ere badaude Lea-Artibaikoak. Iker Arizmendiarrieta (MX3T) eta Antonio Ibarluzea (Iruzubieta) seigarren eta bederatzigarren postuetan daude hurrenez hurren.
Emakumeen artean ere lehia espero da. Markina-Xemeingo Mirari Azkune dago sailkapenaren buruan 5 txirlogaz, eta txirlo bateko aldeagaz ditu atzetik beste hiru bolari, tartean Ziortza-Bolibarko Eli Egia.
Bolari onenak. Gipuzkoako bolari onenaren saria eta Bizkaiko bolaririk onenarena ere jokoan daude. Elgoibarko San Pedroko bolatokian pilatutako txirloei esker, Gipuzkoako bolari onenaren saria ia ia eskuetan dauka Angel Ibarluzea elgoibartarrak (San Migel). Txapelketaren antolatzaileek azaldu dutenez, Gipuzkoako txapelketako txirloak eta EH-ko txapelketakoak batutakoan ematen duen zenbatekoak erabakitzen du nor izan den denboraldiko bolaririk onena. Jaurtialdi baten faltan 54 txirlo dauzka Ibarluzeak eta bigarren dagoen Xabier Loiolak 48. Bizkaiko zerrendan, ostera, Iker Arizmendiarrieta doa lehenengo 46 txirlogaz, hala ere, txirlo bakar bat gutxiago dauka Antonio Ibarluzeak.
Emoziorik, beraz ez da faltako azken jaurtialdian ere. Finala Markina-Xemeinen dela aitzaki, gainera, MX3T taldekoek elkarteko lehen bazkaria ere egingo dute Uhagonen bertan. Norgehiagoka, betiko modura, 17:00etan hasiko da, eta ohi duten modura, nahi duen guztiak parte hartu ahalko du. Izena, beti bezala, saioaren egunean bertan eman behar da.