Indarkeria obstetrikoaz hitz egingo dute Lekeition
El Parto es nuestro elkarteko Ines Vivanco Berastegik emango ditu azalpenak zapatu goizean, kultur etxeko Txitxintokian.
Lekeitioko Potxuak Martxan, Lekittoko Neska Gaztiak eta Lekittoko Gazte Asanbladak antolatuta, indarkeria obstetrikoari buruzko hitzaldia egongo da zapatuan [azaroak 16], 12:00etan, Lekeitioko kultur etxeko Txitxintokian. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituzten ekimenetako lehenengoa izango da. Azaldu dutenez, sarritan ikusezina den indarkeria horretan jarri nahi izan dute arreta, «gizarte osoak haurdunaldian, erditzean eta erditu ondoren jasaten den indarkeria horren existentziaz kontzientzia hartzeko».
El Parto es nuestro elkarteko Ines Vivanco Berastegik emango ditu azalpenak. Horrez gain, astelehenean [azaroak 18] gai berari lotutako Lobas filma emango dute 18:30ean, Azkuen. «Emakume askok ez daukagu kontzientziarik ere biolentzia hori pasatu dugunik eta begiak zabaldu eta errealitate hori ezagutzeko aukera emango duen hitzaldia izango da».