Keu Agirretxeak 'Gu han egon ginen' abestiaren bideoklipa estreinatu du
'Ura eta bakea' disko berriko abestiaren lehenengo bideoklipa Josu Eizagirre ondarrutarrak egin du. Kantuaren hitza, ostera, Eneko Garmendiarenak dira. Disko osoa gauerdian egongo da entzungai.
Ura eta bakea da Keu Agirretxearen disko berria. Musikari ondarrutarrarentzako bederatzigarren diskoa da, eta gaur gauerdian argitaratuko da, Airaka diskoetxearen bitartez. Dena dela, aurrerapen legez, diskoko Gu han egon ginen abestiaren bideoklipa aurretik estreinatu dute eta ikusgai dago jada. Josu Eizagirre ondarrutarra da bideoaren egilea, eta kantuaren hitzak Eneko Garmendiak egin ditu.
Etxeko estudioan grabatu du Agirretxeak diskoa, soilik ahotsaz eta gitarraz baliatuz. Azken lanetan legez, oraingoan ere hainbat lagunen kolaborazioa dakar Ura eta bakea-k: Olatz Salvador, Izaskun Muruaga, Gotzon Barandiaran eta Joseba Irazoki. Letrak egiten, ostera, ondokoek lagundu diote: Aiert Goenaga, Nerea Arrien, Gotzon Barandiaran eta Txili Lauzirika.
Orain bideoklipa estreinatu badu ere, duela aste batzuk diskoari izena jartzen dion abestia (Ura eta bakea) aurkeztu zuen Agirretxeak. Dena dela, diskoko abesti guztiak gauerditik aurrera entzun ahalko dira, plataforma digitaletan, eta abenduaren 7an Agirretxea zuzenean Durangoko Azokan (Ahotsenean) entzuteko aukera egongo da.