Lea-Artibai eta Mutrikuko 15 ikastetxe eta enpresek bat egin dute STEAMsare programagaz
Zientziaren eta teknologiaren irakaskuntza motibatzaileago eta praktikoago baten alde egiten du programak, eta benetako lan testuinguruetan garatuko dela dio Hezkuntza Sailak. Bost eragile dinamizatzailek parte hartuko dute proiektuan, eta tartean da Azaro Fundazioa.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sortu duen STEAMsare programagaz bat egin dute Lea-Artibai eta Mutrikuko 15 ikastetxe eta enpresek. Horren bitartez, Bizkai, Gipuzkoa eta Araban eskola, enpresa eta eragile zientifiko-teknologikoen sare bat sortu nahi dute.
STEAMsareren helburu nagusiak honakoak dira: ikasleei zientzia eta teknologia arloko ikasgaien eta lanbideen irudi errealista, positiboa eta askotarikoa eskaintzea, eta aldi berean arlo horretan bokazioak sustatzea. Zientziaren eta teknologiaren irakaskuntza motibatzaileago eta praktikoago baten alde egiten du, benetako lan testuinguruetan garatuz. Hala, eskolek, enpresek eta eragile zientifiko-teknologikoek elkarrekin lan egingo dute.
Adituak eta hezitzaileak garatzen ari diren jardueren katalogo bat prestatu dutela azaldu dute, eta horrek ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza erraztuko duela uste dute
Hezkuntza curriculuma aberasteko jarduerak garatuko dituzte. Era berean, lanbide mota horien lan errealitatea, profil profesionalen aniztasuna eta euskal industria ehunaren aberastasuna erakustea da asmoa. Horretarako, enpresetara bisitak egingo dituzte, erronka teknologikoei buruzko tailerrak antolatuko dituzte, eta adituekin ere bilerak egitea aurreikusita daukate.
Modu osagarrian, gainera, adituak eta hezitzaileak garatzen ari diren jardueren katalogo bat prestatu dutela azaldu dute, eta horrek ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza erraztuko duela uste dute. Hori eginda, emaitzak ebaluatuko dituzte, eragile dinamizatzaileen sareari esker.
Hezkuntza Sailarentzat STEAM Hezkuntza bultzatzea lehentasun bihurtu da; izan ere, STEAM Euskadi Estrategiaren eta EAEko 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuetatik datorren programa da eta.
Guztira bost talde eragile ariko dira dinamizatzaile legez lanean, eta horien artean dago Markina-Xemeinen kokatuta dagoen Azaro Fundazioa; Lea-Artibaiko ikastetxeen dinamizatzailea izango da. Mutrikuko ikastetxeen dinamizatzailea, aldiz, Elgoibarko IMH izango da.
Sariak, datorren urtean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban garatzen ari diren mota horretako ekimenei aitormena egin asmoz, STEAM Euskadi Sariak deituko dituzte epe motzean; sariak 2020ko martxoan banatuko dituzte, eta 5.000 euroko bi kategoria edukiko dituzte: STEAM Hezkuntza Ekimen berritzaileena eta Genero ikuspegidun STEAM Hezkuntza Ekimena.
Ikastetxeak
- IES Mutriku BHI (Mutriku)
- Lea-Artibai ikastetxea (Markina-Xemein)
- Bera Kruz ikastola (Markina-Xemein)
- IES Markina BHI (Markina-Xemein)
- IES Ondarroa BHI (Ondarroa)
- Zubi Zahar ikastola (Ondarroa)
- Azkue ikastola (Lekeitio)
- IES Lekeitio BHI (Lekeitio)
Enpresak
- Burdinola (Amoroto)
- Cikautxo (Berriatua)
- Eika (Etxebarria)
- Leartiker (Markina-Xemein)
- Kide (Berriatua)
- Fagor Arrasate (Etxebarria)
- Danobat taldea (Ispaster)