Giroa berotu du Markina-Xemeingo Odoloste Egunak
Hirugarren urtez ospatu da gaur [azaroak 16] jai eguna, Markina-Xemeingo Beti Jai elkartekoen eskutik. Musika eta guzti, Plazabarripea girotzea lortu dute Beti Jaikoek.
Dagoeneko finkatuta dagoen jai eguna bihurtu da Markina-Xemeingo Odoloste Eguna. Eta meritua Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteko kideena da. Aurreko urteetan ez modura, aurten herritarrak “tantaka-tantaka” joan dira agertzen. Dena dela, salmentak “ondo” joan direla esan dute.
12:30ean ziren hastekoak odoloste pintxoak saltzen. Eta ordurako herritarrak odoloste kordak erosteko prest zeuden jada. Batzuk korda osoa erosi dute (16 euro); korda bakoitzean lau odoloste egon dira. Beste batzuk, ostera, banaka edo binaka erosi dituzte. Odoloste bakoitza lau euroan saldu dute. 140 kordatan banatuta, guztira 560 odoloste egon dira salgai.
Herriko nagusiak izan dira odolosteak erosi dituzten lehendabiziko herritarrak. Pintxoak dastatzen ere lehenak izan dira. Atzetik etorri dira beste herritar asko eta asko. “Eguraldiak ez du laguntzen, baina jendea badabil”. 13:00ak alderako giro ona zen nagusi Plazabarripean. Izan ere, frontoi txikiak mahaiak eta aulkiak ipinita zituzten Beti Jaikoek, eta herritarrak, pintxoak hartuta, han jarri dira.
Baina ekimena musikagaz alaituta ere egon da; Ostolaza eta haren taldea izan dira ospakizunari doinua jarri diotenak. Eta hotzari aurre egiteko, asko izan dira dantzan egiteko mahaitik altxatu direnak. Beti Jai elkarteko kideak ere dantzan egin dute, pintxoak prestatu eta kordak saltzen zituzten bitartean. Beraz, eguraldi txarra egin arren, ospakizunak giro ona ekarri du Markina-Xemeinera.