Kiputz kobako aurkikuntzak balioan jartzen dituen liburua aurkeztu dute Mutrikun
Aurkezpenean izan dira Mutrikuko kobako indusketetan parte hartu zuten Azkoitiko Munibe arkeologia taldeko kideak, arkeologoak eta Mutrikuko udal ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak.
Arno mendiaren magalean dagoen Kiputz koban egindako aurkikuntzak balio handia dutela azpimarratzen duen liburua aurkeztu dute gaur [azaroak 16] Mutrikuko udaletxeko osoko bilkura aretoan: Kiputz. Kiputz izenburua dauka liburuak, eta aurkezpenean osoko bilkura aretoa txiki geratu da; herritarrek jeserleku guztiak bete dituzte.
Aurkezpen ekitaldian ondokoek parte hartu dute: Munibe arkeologia taldeko kideak, Pedro Castaños Aranzadiko paleontologoa, Xabi Murelaga EHUko Paleontologia Departamentuko irakaslea, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea, Mª Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Jokin Otaegi Aranzadiko lehendakaria eta koba kokatuta dagoen lursailen jabe den Erdikue baserriko kidea.
Ekitaldia, hain zuzen ere, Erdikue baserriko bertsolariaren eskutik hasi da. Bertsoen bidez, aintzinako aztarnak liburu baten jaso izana eskertu eta Miel Sasieta duela gutxi hil den eta Kiputzeko aurkikuntza egin zuen Munibe taldeko kideetako batek utzitako hutsunea azpimarratu du. “Hari esker hainbat gauza agertu/topatu ziren. Eskerrik asko!”.
Jarraian Castañosek hartu du hitza, eta harek duela 15 urte Munibe taldeko kideek egindako aurkikuntzaren inguruko xehetasunak eman ditu. Bereziki azpimarratu du Sasietak Kiputzen egindako lana. “Normalean, koba baten idusketa egiten denean, asko jota metro karratu batean 1,5-2 metroko sakoneran begiratzen da. Baina Munibekoak 3 metrora arte jaitsi ziren. Eta kontuan eduki behar da metro karratu batean 3 metroko sakonera duen leku batean lan egiteak zer suposatzen duen”.
Aurkikuntzak, gainera, ez direla kasualitate hutsa izaten esan du. “Kasualitateari ere lagundu egin behar izaten zaio. Eta kasu honetan, hor dago Munibekoek lana”.
Kiputzen, hain zuzen ere, elur-orainaren hezurrak aurkitu zituztela esan du. “Kontuan eduki behar da elur-oreina poloetan bizi dela, beroarekin hil egiten dira. Beraz, horregatik da garrantzitsua aurkikuntza. Klima aldaketaren inguruko pistak dira horiek guztiak”. Gainera, animalia txikien (zator txikiak-eta) hezurrak ere atera zituztela esan du. “Horiek klima aldaketaren inguruko oraindik ere pista gehiago ematen dizkigute”.
Ondokoak dira Kiputzen lan gehienak egin zituztenak: alde batetik Munibe taldeko Miel Sasieta, Juan Mari Arruabarrena, Javierl Alberdi eta Jesus Larrañaga, eta, bestetik, Murelaga eta Castaños. “Gu heldu ginenerako dena txukun-txukun zuten. Eta hezurrak ikusi orduko jakin nuen aurkikuntza garrantzitsua zela”.
Liburua aurkeztuta, nahi duenak liburu dendetan erosteko aukera edukiko duela esan dute.