Sathya Paz eta Vanesa Cerrajero, Mutrikuko 17. Herri Kroseko irabazleak
Nagusietan 55 korrikalarik parte hartu dute lasterketan. Lehendabiziko mutrikuarra Gaizka Garcia Nieto izan da. Kros Txikian 35 parte hartzaile inguru batu dira.
Sathya Paz Martikorena eta Vanesa Cerrajero Barbero izan dira Mutrikuko 17. Herri Kroseko irabazleak. Nagusien lasterketan 55 herritarrek parte hartu dute, eta Kros Txikian 35 inguru batu dira; 45 nagusi zeuden aurretiaz izena emanda, eta momentuan bertan hamarrek izena eman dute. Antolatzaileen esanetan, egin duen eguraldia kontuan hartuta, parte hartzaileen kopurua “polita” izan da.
Iragarrita zegoen, baina lasterketa hasteko momentuan euria gogotik ari zuen Mutrikun. Lehendabizi Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailetako ikasleek egin dute korrika, eta jarraian 5 eta 6. mailetakoek. Eta ostean nagusien txanda izan da; iragarri baino hogei minutu beranduago ekin diete lasterketari. 10 kilometroko bide 34 minutu eta 11 segundotan amaitu du Pazek; Cerrajerok 44 minutu eta 58 segundotan amaitu du. Gizonezkoetan, bigarren eta hirugarrenak Antton Belaustegi Txurruka eta Ander Barrio de Rioja izan dira, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, aldiz, Arantza Burgoa Agirregomezkorta (0:46:34) eta Leire Martin Balsera (0:48:44) izan dira bigarren eta hirugarren egin dutenak. Mutrikuarren artean, helmugara ailegatu den lehenengoa Gaizka Garcia Nieto izan da (0:36:00).
Nagusien lasterketak iraun duen denbora gehienean ateri egon da; helmugaratzen hasi direnean hasi da euri zaparrada. Ostera antzean, lasterketan ez da gorabeherarik gertatu, eta giro onean egin da.