Amnistiaren alde Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa antolatu dute
Manifestazio nazionala azaroaren 30ean egingo da Bilbon. Lea-Artibai eta Mutrikuko amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduak antolatuta egongo da autobusa, eta aldez aurretik izena eman behar da.
Borrokatzea zilegi delako, amnistia osoa lelopean egingo da manifestazio nazionala Bilbon, azaroaren 30ean. Eta hara joateko, Lea-Artibai eta Mutrikuko Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak autobusa ipiniko du, eskualde mailan. Interesatuek Ondarroako Anaitasunan edo Basatin izena eman ahal dute, eta baita ere posta elektronikoa idatzita: amnistialeartibai@gmail.com. Manifestazioa 18:30ean abiatuko da Bihotz Sakratutik.
“Mendez mende hamaika dira euskaldunok jasandako zapalkuntzak eta horien aurka egindako borrokak. Kapitalismo basatiaren testuinguruan azken mende erdian Euskal Herrian egindako borrokan ere ehunka dira altxatu diren herritarrak. Estatu zapaltzaileek eta beren morroi autonomikoek errepresioa erabili izan dute disidentzia hori isilarazteko: kartzela, torturak, jipoiak, mehatxuak, erailketak…”. Horren guztiaren aurrean, borroka belaunaldiz belaunaldi ehuntzen joan dela eta herriak erantzuten jarraitu duela diote. “Borroka izan da belaunaldi ezberdinen arteko hari loteslea”.
Gaur egun, oraindik ere ehunka preso, iheslari eta errefuxiatu politiko daudela gogorarazi dute. “Bi estatu zapaltzaileen aurrean eta errepresaliatuen aferari benetako konponbidea emateko borrokaren hari horri heltzen diogu, atzoko eta gaurko borrokalariak batuz. Amnistiaren aldeko borroka historikoari heldu eta berau lortzea da bidea”. Borroka hori, hain zuzen ere, atzo, gaurko baina batez ere biharko gudarien alde egiten dutela gaineratu dute, “herri gisa amnistia eta askatasuna zor diegulako”. Izan ere, bide bakarra amnistia dela uste dute, eta horregatik hilaren 30ean Bilboko ekimenean parte hartzera deitu dute.