Jagoba Arrasatek 2022ra arte berritu du kontratua Osasunagaz
Klubaren ordezkariek esan dutenez, talde gorritxoak "bere kirol proiektua finkatu du" entrenatzaile berriatuarraren jarraipenagaz. "Momentu polit hau luzaroan mantentzeko lanean jarraituko dugu", adierazi du Arrasatek.
Jagoba Arrasatek eta Osasunak 2022ra arteko akordioa lortu dute. Berriatuko entrenatzaileak 2022ko ekainaren 30era arte jarraituko du lehen taldea entrenatzen. Klubaren ordezkarien berbetan, euren kirol proiektua finkatu dute horrela, “proiektuko gizonik garrantzitsuenetako bati kontratua beste bi urte luzatuta”. Arrasate ere “pozik” dago luzapenagaz: “Momentu polit hau luzaroan mantentzeko lanean jarraituko dugu”.
Gaur arratsaldean Sadarren egindako prentsaurrekoan egin dute ofizial kontratu berritzea. Arrasategaz batera, Luis Sabalza klubeko presidentea eta Braulio Vazquez kirol zuzendariak berba egin dute. Berriatuarrak esan duenez, bi aldeek berdina gura zuten, eta denek nahi zutena burutu dute: “Prozesu bat izan da. Nahi dugun lekuan gaude. Klubak ere ulertu du gauzak ondo egiten ari garela eta eskutik helduta nahi dugu hobetzen joan”. Momentu onean daudela eta akordioa pozgarria dela azpimarratu du: “Badakigu bestelako momentuak ere helduko direla, baina, borrokan jarraitzea da nahi duguna; momentu polit hau luzaroan mantentzeko lanean jarraitu nahi dugu”.
Hobetzeko tartea badutela argi dauka Arrasatek, eta esan duenez, euren eguneroko lana taldea gero eta “hobeagoa eta osoagoa” izatea da. “Hemen lokartzen bazara, badakizu zer dagoen. Gauzak ondo irten dira momentuz, baina, jarraitu egin behar dugu”.
Osasunak 100. urteurrena beteko du datorren urtean, eta urteurren hori lehen mailan izatea espero dutela adierazi du Arrasatek: “Ilusio berezia egiten digu mendeurrena ospatzeak eta gu entrenatzaile izateak”. Hain zuzen, lehen mailan mantentzea, taldea hobetzen joatea, afizioagaz duten konexio berezi hori mantentzea eta mendeurrena lehen mailan ozpatzea direla euren helburuak azaldu du.
Arrasate 2018ko ekainaren 20tik dago Osasunan. Iaz Bigarren Mailako txapeldun izatea lortu eta Lehen Mailara bueltatu zuen talde nafarra. Mailarik gorenean, 2019-2020 denboraldiari hasiera aparta eman dio taldeak. Santander Ligaren sailkapenean hamargarrena da Osasuna, 19 puntugaz. Arrasate taldea zuzentzen ari denetik, jokoan egondako 165 puntutatik 106 lortu ditu. Gainera, 31 partidu jarraian daramatza Sadarren galdu barik (horietatik 27 partidu zuzendu ditu Arrasatek), eta domekan Athleticen kontrako derbia jokatuko dute etxean (14:00).
Klubetik azpimarratu dutenez, taldeari “estilo propioa eman” dio, eta hari esker, zalegoagaz “lotura berreskuratzea” lortu dute. Ligan mantentzea eta entitatea hazten jarraitzea dira klubaren eta entrenatzailearen helburuak.
Bittor Alkiza bigarren entrenatzaileak eta Segi Perez prestatzaile fisikoak ere 2022ra arte jarraituko dute talde gorritxoan.