Lekeitioko Udalak Antiguako Ama, Karmengo Ama eta Basotxo kaleak berrituko ditu
Auzoetako iriste erraztasuna eta beste auzoekiko konexioa hobetzeko lanak egingo dituztela aurreratu dute.
Lekeitioko Antiguako Ama, Karmengo Ama eta Basotxo kaleetan berrikuntza lanak egingo dituztela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. Auzoetako iriste erraztasuna eta beste auzoekiko konexioa hobetzeko lanak egingo dituztela aurreratu dute.
Proiektua idatziko duen arduraduna aukeratzeko lizitazioa zabaldu zuten, eta orain, berrikuntza lanak zelan burutuko dituzten zehaztuko dute. “Urbanizazio hauek orain dela asko eraiki ziren, eta berrizteko beharra daukate”, azaldu dute. Auzokideek egindako eskaerei erantzunez, datozen hilabeteetan proiektuak garatzen joago direla esan dute. “Auzokideekin harremana mantenduko da proiektuaren inguruko ekarpenak egin eta haien parte hartzea bultzatzeko”.