Auzo batzarrak egingo dituzte datozen bi asteburuetan, Aulestin
Herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeagaz batera, besteak beste, hondakinen bilketan jarritako sistema berriaren inguruan zalantzak argituko dituztela jakitera eman du alkateak.
Aulestiarren kezkak eta beharrizanak zein iritzi eta proposamenak hurbiletik ezagutzeko auzo batzarrak egingo dituzte eurekin udal ordezkariek datozen bi asteburuetan. “Herritarren iritzia kontuan hartzen dugu. Udaletxeko osoko bilkuretan auzo ordezkariak egoten dira, baina horrez gain, garrantzitsua da halako batzarrak egitea. Esaterako, aurrekontuekin ari gara orain eta ea ze hutsune ikusten duten edota hurrengo ikasturtera begira ze proposamen duten jakin gura dugu”, azaldu du Jone Antsotegi Aulestiko alkateak.
Ekarpenak jaso bakarrik ez, udal ordezkarien helburua informazioa ematea ere bada. Hain zuzen, besteak beste, hondakinen bilketan jarritako sistema berriaren inguruan zalantzak argitzeko ere baliatu gura dituzte hitzorduok.
Goierriko eta Ibarrolako auzotarrekin egingo dituzte lehen batzarrak zapatuan, eta domekan, berriz, Zuberokoen eta Malatsekoen txanda izango da. Hurrengo asteburuan, berriz, San Anton, Urriola, Narea eta herriguneko bizilagunekin batzartuko dira.
Batzarretan parte hartzeko deia luzatu dute, eta parte hartzea handia izatea espero dutela esan du alkateak: ” Gure politiketan herritarren berba kontutan hartzen dugu eta horretarako aukera ona da auzo batzarretan parte hartzea”.
Hala ere, auzo-batzarretara joan ezin dutenei gogora ekarri die norberaren iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera urte osoan daukatela: “Batzarretan parte hartu ezin dutenek udalera jo dezakete; udaletxeko ateak zabalik dauzkagu ekarpenak jasotzeko”.
AUZO-BATZARRAK:
- Azaroak 23, zapatua (16:30): Goierriko auzotarrekin udaletxean eta Ibarrolako auzotarrekin Murlan.
- Azaroak 24, domeka (10:00): Zuberoko auzotarrekin zelaian (labaderoaren inguruan) eta Malats auzokoekin Beitibeko-Beitigoiko baserrien inguruan.
- Azaroak 30, zapatua (16:30): San Anton auzokoekin Errementariena baserri inguruan eta Urriolako auzotarrekin zelaiko topagunean.
- Abenduak 1, domeka (10:00): Nareako auzotarrekin zelaian eta herrigunekoekin udaletxeko aretoan (3. solairuan).