Euskal Herriko emakume baserritarren ahotsak jasotzen dituen dokumentala emango dute Mendexan
Baserritik Mundura ikastaldiko Sorginatxurrak lantaldeko kideek sortutako 'Erroa eta geroa' dokumentalaren proiekzioa egingo dute, zapatuan.
Erroa eta geroa dokumentala proiektatuko dute zapatuan [azaroak 23], Mendexako udaletxeko ganbaran, 18:00etan hasita.
Emakume baserritarren bizipenak, kezkak, iritziak… bildu dituzte Baserritik Mundura ikastaldiko Sorginatxurrak lantaldeko kideek, Ines Osinaga musikari arrasatearraren musikagaz girotuta. Vane Calvo, Nadia Ayuso, ZurinĚe Perales, Ane Gorosabel, Mirene Begiristain eta Maribi Ugarteburuk osatzen dute Sorginatxurrak taldea.
Ordu erdiko dokumentala da, eta protagonista gazteenak 30 urte ingurukoak dira, nagusienak, berriz, 90 urtetik gorakoak. Besteren artean, Mendexako Uskola baserriko Hilari Laka elkarrizketatu dute.
“Zer pentsa eta zer berba egin emango duelakoan”, gonbidapena luzatu dute Leixarra Elkartearen eta udalaren ordezkariek. Emanaldiaren ostean, biltzen direnek gura badute solasaldia egingo dutela jakitera eman dute.