Santi Brouard omentzeko elkartu dira Lekeition
Urtero modura, krabelin gorriak eraman dizkiote herritarrek. 35 urte pasatu diren arren, espainiar estatua oraindik oker dabilela adierazi dute ekitaldian.
Urtero legez, Santi Brouarden memoria gogora ekartzeko batu dira gaur eguerdian [azaroak 20] Lekeition. Lore eskaintza eginez omendu dute, orain dela 35 urte GALek hildako ezker abertzaleko buruzagia. Pilaran elkartuta egin dute herritarrek hilerrirainoko bidea lore eskaintzako krabelin gorriak eskuetan, eta hitz batzuk esan ondoren, loreak haren hilobi gainean utzi eta Eusko Gudariak abestuz amaitu dute omenaldia.
35 urte pasatu diren arren, gaur egun, oraindik, espainiar estatua oker dabilela adierazi dute ekitaldian. “Bere asmoak argiak ziren bere garaian: Euskal Herriaren nahi askatzaileak eta ezker abertzaleak egindako haustura demokratikoaren apustua bertan behera geratzea. Hori lortzeko hamaika erreminta erabili arren Estatuaren kalkulu politikoak oker zeuden, gaur egun proiektu independentista bizirik dagoelako, eta gainera, arrakalak sortzen ari delako”. Horren adibide direla esan dute, azken hauteskundeetako emaitzak. “Herrialde Katalanetako eta Galiziako jendeagaz batera mezu argi bat ipini nahi dugu mahai gainean: nazioa gara eta autodeterminazio eskubidea daukagu. Eta mezu horregaz, aurrekoan baino babes zabalagoa lortu du EH Bilduk”.
Azken hilabeteetan Herrialde Katalanetan sortutako “tsunamia” ere aipatu dute, eta Kataluinian bezala hemen ere olatua badagoela esan dute. “Horretan ipini behar ditugu indarrak. Gure Eskuk erreferenduma ipini du helburu eta herri osoan zabaldu behar dugun sinadura bilketa da hurrengo zeregina, herri ekimen bat”.
Kapitalismoak sektore guztietako prekarietatea besterik ez duela eskaintzen adierazi dute, eta beraz, gazteak, emakumeek, etorkinek, pentsionistek eta beste guztiek, urtarrileko greba orokorrean hitzordu garrantzitsua daukatela, eta datorren astelehenean [azaroak 25] ere, denak Eskolapean batzeko deia egin dute, indarkeria matxistaren kontra agertzeko.
Eta kartzeletara ere begiratu dute. “Arantza, Pototo eta Liher etxera ekarri arteko lana daukagu. Urtarrileko manifestazioa badator eta hurrengo hilabeteetan ere makinatxo bat ekimen ditugu Lekeition elkartasuna erakusteko. Gaur Santi Brouard omentzeko batu gara, baina ez hutsean, bere ondare politikoa gure egin eta aurrera begira ipintzeko konpromisoagaz baino”. Santigaz batera 1989ko azaroaren 20an Madrilen tirokatuta hil zuten Josu Muguruza HBko diputatua eta beste gudari guztiak ere izan dituzte gogoan.