Berriatuko 33. Desanexio Txapelketaren finalak hartuko ditu Mendibarrek, zapatuan
Lau kategoriatako finalak lehiatuko dituzte; 17:00etan hasiko dute lehenengoa. 16:00etatik aurrera, berriz, Berritxu Zesta Eskolako umeek kinielak jokatuko dituzte.
33. Desanexio Txapelketako (IV. Luis Bilbao Memoriala) finalak jokatuko dituzte Mendibarren frontoian, zapatuan, 17:00etan hasita.
Aurretik, baina, Berritxu Zesta Eskolako umeek kinielak jokatuko dituzte. 16:00etatik 17:00etara hiru bat kiniela jokatzea aurreikusi dute. Benjamin, kimu eta txiki mailetako ikasleak izango dira.
“Finalaurrekoetan partidu politak eta onak ikusi ditugu; maila nahiko altua dago. Zapatuko partidu denak ere gogorrak izango dira”, adierazi du Roberto Lekue zesta eskolako arduradunak. Txapelketan jende asko ibili dela eta frontoian giro ona eduki dutela nabarmendu du. Orain arteko moduko giroa eta partidu ikusgarriak izatea espero dute antolatzaileek: “Sarrera doakoa da eta jendea frontoira hurbiltzera animatzen dugu”.
Elite mailan, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Roberto Lekue Berriatuko eskolako ondarrutarraren kontra lehiatuko dira txapelaren bila. Erkiaga-Manzi bikotea faboritotzat dute askok, baina Berriatuko frontoian Lekuek asko jokatzen du eta Hormaetxeagaz bikote indartsua osatu dute. Iazko finalean, Hormaetxeak eta Aimar Aldazabalek mendean hartu zituzten Erkiaga eta Lekue (30-29).
Kadete mailakoa izango da arratsaldeko lehen finala. Gonzalo eta Julen zumaiarrak Arratibel-Moreno bikote gernikarraren kontra ariko dira, eta final gogorra izango dela zehaztu du Lekuek: “Partidu luzea irtengo da; ez da partidu erraza izango ez batzuentzat ez besteentzat”.
Jarraian, Ibarluzea-Atain eta Lekerika-Argoitia I gazte mailako bikoteen txanda izango da. Lehenengo bikotea Markina-Xemeingo zesta eskolakoa da, Lekerika Gernika-Lumoko eskolakoa eta Argoitia Berriatukoa. “Markina-Xemeingoak dira faboritoak, baina Lekek eta Argoitiak ere ondo jokatzen dute. Argoitia alebina da, baina joko polita daukanez, besteekin jokatu dezake”. Arratsaldeko hirugarren finala Katxito-Andonegi eta Eduardo-Mandiola bikoteen artekoa izango da. Katxito eta Mandiola Markina-Xemeingoak dira, Andonegi Mutrikukoa eat Eduardo Zumaiakoa.
FINALAK:
- Kadete maila: Gonzalo-Julen vs. Arratibel-Moreno
- Gazte maila: Ibarluzea-Atain vs. Lekerika-Argoitia I
- Senior maila: Katxito-Andonegi vs. Eduardo-Mandiola
- Elite maila: Erkiaga-Manzi vs. Ormaetxea-Lekue