Ekuadorreko errealitatea ezagutzeko aukera egongo da Aulestin
June Prieto kazetari eta argazkilariak ‘Ekuador: urre beltza urre berdearen aurka’ hitzaldia eskainiko du barikuan [azaroak 22], udal liburutegian.
Herritarrak Munduan Barrena hitzaldi sortaren barruan, Ekuador: urre beltza urre berdearen aurka hitzaldia eskainiko du barikuan [azaroak 22] June Prieto kazetari eta argazkilariak Aulestin. Saioa 20:00etan hasiko da, udal liburutegian.
Laboral Kutxak eta Mundukide Euskal Herriko gobernuz kanpoko erakundeak egindako deialdi bati erantzunda joan zen Prieto irailean Ekuadorrera. «Deialdira 800 gazte aurkeztu ginen. Eta horien guztien artean hamar aukeratu gintuzten», azaldu du Prietok.
Bidaiaren helburua Ekuadorreko indigenek bizi duten errealitatea ezagutzea izan zela dio. «Errealitatea hori hobeto ezagutzeko, Huoarani herriko hiru gazte indigenak lagundu digute bidaia osoan».
Paisaia eta fauna aldetik oso herrialde aberatsa da Ekuador. Baina petrolioaren ustiaketak aberastasun hori guztia kolokan jarri duela berbatik bertara ikusi ahal izan du Prietok. «Ingurumena errespetatu barik ari dira petrolioa ustiatzen; petrolio hodiak eskolen aldamenetik ere pasatzen dira».
Bidaia osoan laguntzen eduki dituzten hiru gazteek ere ustiaketa bortitzaren inguruko adibideak eman zizkieten. «Haien bizimodu lasaia kolokan jarri dute petrolio enpresek; herritarrak banatu eta garapenaren ideia ezarri dietela esaten dute huaoraniek. Euren berbetan, kanpotarrekin harremana eduki zutenetik, askoz estresatuago bizi direla diote». Orain, hain zuzen ere, dirua lortzeko herritik atera beharra dutela kontatu zioten». Harrigarria badirudi ere, ukiezinak diren parke naturalen erdialdean wifia dute. Baina ez dute izozkailurik, ez eta komunik ere.
Enpresak, aberasten. Petrolio enpresek 10.000 milioi dolar irabazten dituzte urtero Ekuadorren. Repsol fundazioak, adibidez, unibertsitaterako bekak eskaintzen dizkie indigenei, askok oinarrizko hezkuntzarako aukerarik ez badute ere. «Aurretik ez zituzten beharrizanak sortzen dizkiete», gaineratu du Prietok.
Petrolio enpresak aberasten diren bitartean, herrialdeko biztanle gehienak txiroak direla gaineratu du. «Ekonomikoki, herritarren artean guk han ez genuen inolako aberastasunik ikusi».
Azaldu duenez, petrolioaren eta ingurumenaren arteko dikotomia aipatzeko metafora bat erabiltzen dute Latinoamerikan: urre beltzarena eta urre berdearena. Bi urre horien arteko talka da urrian gertatutako istiluen arrazoi nagusietako bat. «Eta hitzaldia ere horrela izendatzea erabaki nuen».
Hitzaldian Ekuadorren atera zituen argazkiak proiektatuko dituela aurreratu du. «Gainera, nirekin bidaiatu zuten kide batzuk ere parte hartuko dute hitzaldian».