Indarkeriaren aurkako aldarria zabalduko dute azaroaren 25ean
Bizkaiko Foru Aldundiak gizonek emakumeekiko daukaten jarreran eta jokabidean eragin nahi du azaroaren 25erako garatu duen kanpaina berrian.
Genero desberdintasunak, matxismoak eta indarkeria matxistak kezka eragiten die ume eta gazteei. Hala erakutsi du Unicefek aurkeztu berri duen ume eta nerabeen iritzien barometroak. Gehien arduratzen dituzten gizarte gaietatik galdetuta eman dute erantzun hori. Hiru gai horiengatik agertu duten ardura, gainera, “handia” dela azaldu du Unicefek; galdetutakoen %89ak agertu du genero desberdintasunaren, matxismoaren eta indarkeria matxistaren inguruko kezka.
Ume eta gazteak ez ezik, gizartea bere osotasunean kezkatuta dago. Planak, proiektuak eta egitasmoak gero eta ugariagoak dira, baina arazoak hor jarraitzen du. Horregatik, urtero azaroaren 25ean egin ohi den bezala, herritarrak kalera aterako dira Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, jendartean errotuta dagoen arazo hori salatu, eta indarkeria matxista desagertzea aldarrikatzeko.
Era berean, Indarkeria Sexistaren Kontrako Egunaren harira, erakunde publikoek adierazpen instituzionalak onartu eta sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatzen dituzte. Herri gehienetako udaletan adierazpen instituzionala onartu dute, eta horietako askotan herritarren aurrean irakurriko dute, ekitaldiz ekitaldi.
Herritarrak, berriz, kalera aterako dira egunotan, herrietan antolatu diren ekintzetan parte hartzera. Denetan indarkeria matxistaren salaketa ozen eta argia egingo dute. “Nahikoa da” adieraziko dute. Elkarretaratzeak, film emanaldiak, hitzaldiak, erakusketak, musika jardunaldiak eta bestelakoak egongo dira aukeran Lea-Artibain eta Mutrikun.
Herri asko eta askotan, gainera, autodefentsa ikastaroak antolatzen dituzte urtero-urtero azaroaren 25aren harira. Aurten ere, Mutrikun, Ispasterren eta Lekeition eskainiko dituzte ikastaroak. Horietan parte hartzeko asmoa daukatenek, hala eta guztiz ere, ezinbestekoa izango dute aldez aurretik izena ematea.
[Hona hemen herriz herriko EGITARAUA]