Leartikerrek kardiopatia iskemikoei bideratutako zelula amak dituen biologia-gailu bat landuko du
Proiektua Nafarroako Unibertsitateko Klinikak lideratzen du eta Europako Batzordeak finantzatuta dago.
Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak nazioarteko BRAV∃ proiektuan parte hartuko du. Proiektua Nafarroako Unibertsitateko Klinikak lideratzen du eta Europako Batzordeak finantzatuta dago, Horizonte 2020 (H2020) Programaren barruan. Azaldu dutenez, Europako hainbat herrialdeetako –Alemania, Holanda, Belgika, Portugal, Irlanda, Italia eta Espainia– 14 erakundek osatzen dute proiektuaren partzuergoa: hiru ospitale, lau unibertsitate, bi ikerkuntza institutu, zentro teknologiko bat, bi enpresa (horietako bat multinazionala), medikuntza-elkarte bat eta aholkularitza bat.
“BRAV∃ proiektua nazioarteko ikerketa bat da, eta bere helburua kardiopatia iskemikoa duten pertsonek beraien bihotzaren funtzionalitatea berreskuratzea da, bihotz-ehunaren birsorkuntzaren bitartez. Horretarako, proiektuan zehar, biologia-gailu bat (BioVAD) landuko da, aurreratua eta pertsonalizatua, bentrikuluei laguntza emango diena eta gaixoari babes funtzional iraunkorra eragingo diona”, zehaztu dute. Datuen arabera, kardiopatia iskemikoa heriotza sorburu nagusienetako bat da Europar Batasunean, bai gizonen kasuan (%14), bai emakumeetan (%12). “Bere egungo tratamendua medikamentu edo kirurgia bidez egiten da, baina horiek ez dute irtenbide iraunkorrik ematen lotuta daramatzaten arazoengatik”.
BRAV∃ proiektuaren baitan 3D inprimatzearen azken berrikuntzak, biomaterialak eta zelula amak bateratuko dituzte eta emaitzak azkar lortzea nahi dute. “Proposatutako proiektuak aurrera pauso bat baino gehiago eman nahi ditu: moldaketa konputazionala erabiliko da lehen aldiz giza tamaina duen gailu heldu bat (BioVAD) sortzeko, eta eredu aurre kliniko garrantzitsuenean probatuko da”.
Diotenez, BioVAD erabateko irtenbidea izango da muskulu berria behar den tokian hornitzeko eta bihotzaren funtzioa hasierako egoerara berreskuratzeko. “Terapia farmakologikoaren eskaera eta mediku-arreta murriztuko ditu”.