Lekeitioko Udal Gobernuak 2020ko aurrekontuen proposamena kaleratu du
8,5 milioi euroko proposamena aurkeztu dute, aurtengo antzekoa. Aurrekontuari ekarpenak egiteko aukera daukate oraindik, herritarrek.
2020 urterako 8,5 milioi euroko (8.559.151 euro) aurrekontu proposamena aurkeztu du Lekeitioko Udal Gobernuak, gutxi gorabehera aurtengo aurrekontuaren antzekoa, %1,44 igoera besterik ez dute izango (2019ko aurrekontua 8.437.448 eurokoa izan da). Azaldu dutenez, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak mantentzen eta hobetzen jarraitzeko aurrekontuak dira, eta datorren urteari begira, Gizarte Zerbitzuak, hezkuntza, berdintasuna eta euskara zerbitzuak indartzea aurreikusten dute.
Aurrekontuak egiteko irizpide batzuk jarraitu dituztela jakitera eman dute: arlo ezberdinetan 2019ko aurrekontu bera bermatzea edo partidak gehitzea; hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak betetzea eta konpromiso horiek betetzeko beharrezkoak diren ekintza, programa eta zerbitzuak aurrera eramatea; udal eraikinak baldintza egokietan egoteko inbertsioak egiten jarraitzea eta herri lanen bidez herria iriste errazagoa egin, arazoak sortzen dituzten guneei irtenbidea eman eta kaleen mantentze eta hobekuntza lanak burutzea.
Bestalde, partida batzuk udalaren egituragaz lotura dutela azaldu dute. “Aurrekontuen %40,9 pertsonalaren kostua da, %38,67 herriaren funtzionamendurako gastuak –kale eta udal eraikinen argiteria, ura, seguruak, garbitasuna– eta %9,39 udalak beste erakunde batzuekin dituen konpromisoak: Lea- Artibai Amankomunazgoaren kuota, Garapen Agentziakoa, Eskola Publikora zuzendutako ekarpena, UEMAri ekarpena, Musika Eskola eta Musika Banda besteak beste”.
Egitasmoak. Gizarte Zerbitzuei dagokienez, etxeetan suteak ez gertatzeko ke detektagailuak jartzeko onuradunen adina 86 urtetik 83 urtera jaistea proposatu dute, eta Berdintasun zerbitzuaren maiztasuna bikoiztea planteatzen da. Euskara alorrean besteak beste, ikasle etorkinei zuzendutako errefortzuko euskara ikastaro orduak ere bikoiztea proposatzen dute, eta azaldu dutenez, AEK-rekin hitzarmena sinatuko dute lokalak berrizteko.
Hezkuntzari dagokionez, haurreskolan eta musika eskolan inbertitu eta Ateako eraikinean dagoen Helduen hezkuntzarako gelak egokitzea aurreikusi dute aurrekontuetan. Bestalde, futbol zelaiko lehen fasea burutu eta San Inazio, Aldamiz-Etxebarria eta Harbiatx kaleetako argiteria aldatu nahi dute.
Horiez gain, beste hainbat egitasmo barneratu dituzte 2020ko aurrekontuetan, eta xehetasun guztiak etxez etxe banatu duten Udaletik aldizkariaren bidez jakinarazi ditu udal gobernuak. Aldizkari hori Lekeitioko Udalaren webgunearen bidez ere eskuratu daiteke.
Abenduaren 2ko osoko bilkuran onartu nahi ditu aurrekontuak udal gobernuak. Hala ere, aurretik, aurrekontu horri ekarpenak egiteko bigarren aukera bat daukate herritarrek. Horretarako bide ezberdinak dituzte: udalaren edozein bulegotara joanda, Lekeitioko Udalaren web orriaren bidez, partehartzea@lekeitio.eus helbide elektronikora idatzita edo 688727095 telefono zenbakira idatzita WhatsApp bidez. Azaroaren 28an herritarrei zuzendutako batzar zabala egongo da, 19:00etan, Kultur Etxean 2020ko aurrekontuak azaltzeko.