Zazpigarrenez egingo dute Errege Bideko Krosa
Ekimena domekan egingo da [azaroak 24]. Korrikalariek 09:30ean izena eman beharko dute (doan), Berriatuan (kioskoan) edo Saturraranen. 11:00etan hasiko dute lasterketa.
VII. Errege Bideko Krosean parte hartu nahi dutenek, domekan [azaroak 24] 09:30ean izena eman beharko dute (doan), Berriatuan (kioskoan) edo Saturraranen.
Korrikalariak 10:15ean autobusez irtengo dira irteera puntura, eta 11:00etan hasiko dute krosa Saturraranen.
8 Kilometro pasatxoko lasterketa da. Saturraranetik irten eta itsas bazterretik joango dira Errege Bidea bide gorrira arte. Errekan behetik gora eginda, helduko dira Berriatuara. Plazan sartu eta herri barrutik bueltatxo bat eman ondoren, arkupean amaituko dute.
14 urtetik beherakoen lasterketa, ostera, Arantzibian hasiko dute, 11:00etan.
Urepel Kirol Taldearen arduradunek giro polita sortzen dela eta ibilbide oso polita dela azpimarratu dute eta krosean parte hartzera animatu dituzte eskualdeko herritarrak. 100 bat parte hartzaile espero dituzte. Gogora ekarri dute probaren amaieran kopaua egongo dela parte hartzaile guztientzat, doan: “Jan-edana nahi beste egoten da eta giro polita sortzen da”.
Lehenengo gizonezkoa eta emakumezkoa eta herriko lehen bikote mistoa sarituko dituzte. Horiek guztiek bertoko produktuez osatutako otzara bana jasoko dute.