Ziortza-Bolibarko desanexioaren XV. urteurrena gogoratzeko mendi martxa egingo dute domekan
XIII. Mendi Martxan 430 pertsonak aurretiaz izena eman dute, eta domekan ere izena eman ahalko da.
Ziortza-Bolibarko XIII. Mendi Martxa egingo dute domekan [azaroak 24]. 430 pertsonak aurrez izena eman dute, eta domekan ibilaldiak hasi aurretik ere izena emateko aukera egongo da. 14 urtera artekoek 6 euro ordaindu behar dituzte, eta gainontzekoek 12 euro.
Aranbaltz Kultur Elkartearen ordezkariek gogora ekarri dute, aurretiaz izena eman dutenek soilik daukatela oparia ziurtatuta, eta normalean, 100 bat pertsonak egunean bertan izena ematen dutela zehaztu dute: “Aurreko urteetako antzerako parte hartzea espero dugu”.
Izen ematearen barnean sartzen dira gosaria eta hornidurak, eta parte hartzaileek dutxatzeko aukera edukiko dute probaren amaieran. Gainera, 15:30ak aldera arte kopaua ere egongo da denentzat.
08:00etan hasiko dute 25 km-ko mendi martxa luzea, eta 10 km-ko laburreko partaideak, ostera, 10:30ean irtengo dira plazatik. Ibilbide luzeeneko parte hartzaileentzat Iruzubietako txokoan eta Oizeko aterpetxean egongo dira hornidurak eta laburrekoentzat, Ziarregiko txokoan.