Lekeitioko EH Bilduk aldaketa klimatikoaren kontrako neurriak hartzea proposatu dio udal gobernuari
Proposamena 2020ko aurrekontuetan txertatzea eskatu diote. Azken urteetan emandako murrizketak bertan behera uztea ere planteatu diote.

Lekeitioko EH Bilduk larrialdi klimatikoari aurre egiten hasteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 legea betetzen hasteko proposamena luzatu eta 2020ko aurrekontuetan txertatzeko eskaera egin dio Lekeitioko udal gobernuari. Azken urteetan aurrekontuetan emandako murrizketak bertan behera uztea ere planteatu diote, lekeitiarren ongizatean eragiteko.
Gaur [azaroak 22] goizean aurkeztu dute 2020 urteko aurrekontuetarako mozioa. “Ikusita aurreko urteetan udal gobernuaren borondate urria gure proposamenak onartu eta aurrekontuetan txertatzeko, gure proposamena bizi dugun larrialdi klimatikoari lotuta joango da”, esan dute.
Larrialdi klimatikoa datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatzera etorri dela azaldu dute, “gure ongizatearentzako mehatxu nagusienetarikoa baita, benetako zibilizazio erronka bat”. Eta, azken urteetan komunitate zientifikoak aldaketa klimatikoaren bilakaeraren inguruko abisuak eta jakinarazpenak igorri dituela gogora ekarri dute. “Dagoeneko ondorioak antzematen hasiak gara, eta urtez urte argitaraturiko txostenetan, egoera kaskartzen ari denaren zantzuak ditugu”.
Larrialdi klimatikoaren aurrean, Lekeitioko Udalak neurri batzuk hartu beharko lituzkeela ikusten du EH Bilduk, eta betebehar horiek gauzatzeko gai horretan adituak diren enpresak kontratatzea premiazkoa dela ikusten dute. “Lekeitioko Udalak momentu honetan ez duenez nahikoa baliabide pertsonal, gai honetan adituak diren enpresak kontratatzea beharrezkoa izango da. Horretarako, aurrekontuetan esleipen hauek gauzatzeko 50.000 euroko partidak txertatzea eskatzen dugu”.
Udalak aldaketa klimatikoari aurre egiteko bete beharko lituzkeen ekimenak ere zehaztu dituzte mozioan. Hauek dira betebeharrak:
- Lekeitioko Udalak bere jarduera-eremuaren barruan dituen eraikinen, ibilgailu-atalen eta argiteria publikoko instalazioen inbentarioa egitea, bere kontsumo energetikoa adieraziz.
- Energia elektriko hornitzaileak aldaketarik egin ezean, energia elektrikoaren kontagailuak jarri Lekeitioko Udalaren eraikin eta instalazio guztietan. Kontagailu horiek gai izan beharko dute ordubete baino gutxiagoko denbora-tartean karga-kurba transmititzeko, erregistratzeko eta teleneurketa egiteko.
- 70 kW baino gehiagoko potentzia termikoa duten Lekeitioko Udaleko eraikinen auditoretza energetikoa egitea.
- Energia-jarduketen hainbat urtetarako plana egitea.
- Hiri-mugikortasuneko plana egitea.
- Lekeitioko Udaleko langileak aurrezpen eta efizientzia energetikoko tekniketan prestatzeko formazio plana garatzea.
Energia jarduketen plana egiterako orduan herritarrek parte hartuko dutela bermatu behar dela esan dute.
Murrizketak bertan behera. Bestalde, EH Bilduk jakinarazi duenez, 2020an Lekeitioko Udalak azken urteetan izan duen diru kopuru handiena izango du kudeatzeko eta horretarako udal gobernuak “konpromiso sendoak” hartu beharko lituzkeela diote, “azken urteetan emandako murrizketak bertan behera utzi eta egoerari buelta emateko”.
Izan ere, murrizketek, lekeitiarren ongizatean eragin zuzena dutela ikusten dute. “EH Bildutik uste dugu ezinbestean eutsi behar zaiola azken urteetako ahalegin ekonomikoari, are gehiago baliabide ekonomiko gehiago dagoen ekitaldi honetan, murrizketa esanguratsurik egin gabe ondorengo arloetan: gizarte ongizatea, garapena, berdintasuna, euskararen erabileraren bultzada eta normalkuntza, ingurugiro programak eta kultura. Uste baitugu ezinbesteko arloak direla herriaren eta herritarren garapenari begira”.