Los Cosmeticos eta The Owl Project taldeen doinuak, Uhagon kulturgunean
20:30ean hasiko dira zapatuko kontzertuak. Punk erritmoez eta rock eta musika elektronikoaren uztarketaz gozatzeko aukera eskainiko dute.

Kontzertu bikoitza egongo da zapatuan [azaroak 23], Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Lehenengo Los Cosmeticos Deustuko hirukoteak joko du 20:30ean hasita, eta ondoren, The Owl Project taldearen kontzertua egongo da 22:00etatik aurrera.
Punk erritmo biziak eta letra oso indartsuak ekarriko ditu Los Cosmeticos taldeak Uhagoneko oholtzara. 2015ean elkartu zirenetik lau lan kaleratu ditu hirukoteak. 2015ean elkartu baziren ere, taldekideak beste talde batzuetan aritutakoak dira Capsula edo Inserta taldeetan besteak beste.
Bigarrenez. The Owl project ezaguna da Markina-Xemeinen. Alde batetik, bigarrenez joko du Uhagon kulturgunean, eta bestetik, markina-xemeindar bik jotzen dute bertan: Iñigo Martinez Arrietak eta Iker Larrinaga Larruskainek.
Taldeak ibilbideari ekin zionetik sari bat baino gehiago eskuratu ditu: Rockein 2018, Actual jaialdiko Banden Gerra 2016, Barrika On Air lehiaketako bigarren postua 2015 eta 27. Villa de Bilbao lehiaketan finalaurrekoetara ere heldu ziren 2015 urtean.
Rock tradizionala eta gaur eguneko musika elektronikoaren uztarketa da taldearen bereizgarri. Lau diska motzen ostean, Bada izeneko diska luze bat kaleratu zuten 2018an. 2019an, berriz, Enea izeneko diska labur berri bat kaleratu dute taldearen doinuari bira berri bat emanez. El Tigre estudioetan grabatu zuten bost abestiz osatutako lan berria Xabier Egia eta Jon Agirrezabalagarekin batera. Diska berrirako, gainera, Koldo Sierra zinemagilearen lankidetza izan dute bai eta Borja Crespo zuzendari eta ekoizlearena. Azken horrek izango duela esan dute, Enea singelaren bideoklipa egitearen ardura.
Emanaldiko sarrerak kontzertuen aurretik jarriko dituzte salgai Uhagon kulturgunean, 5 eurotan. Bazkideek 3 eurotan eskuratu ahalko dituzte.
Taldeak
- Los Cosmeticos: Alberto Lorenzo (baxua), Alberto Diez (bateria), Ivan Barrio (gitarra eta ahotsa).
- The Owl Project: Iker Larrinaga (ahotsa eta gitarra), Aitor del Escobal (gitarra, ahotsa eta teklatuak), Miguel Garcia (gitarra eta baxua), Iñigo Martinez (sintetizadoreak) eta Gaizka Azkuenaga (bateria).