Laia Artetxe gizaburuagarrak irabazi du santakatalinetako Barraskilo lasterketa
Santa Katalina bezperako herri bazkarian aurreikusitakoa baino jende gehiago batu zen. 66 lagun batu ziren mahaiaren bueltan.
Olazar kultur elkarteak eta Gizaburuagako Udalak elkarlanean antolatuta, Santa Katalina jaiak ospatu zituzten domekan [azaroak 24]. Tartean, herriko gaztetxoentzako falta ezin den lehiaketa egin zuten: Barraskilo lasterketa. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, frontoian egin zen lasterketan 13 urtetik beherako hamasei gaztetxok parte hartu zuten, eta horietan azkarrena, Laia Artetxeren barraskiloa izan zen. “Zorte handia eduki zuen Artetxek. Helmugara oso azkar ailegatu zen bere barraskiloa, inoizkorik arinen”.
Eguna, berriz, Santa Katalina elizan egindako elizkizunagaz hasi zuten. Jose Mari Larruskain abadeak eman zuen meza, eta urtero modura, Santa Katalina eguneko kantu berezia abestu zuten bertaratuek. Atzo ez eze, gaurko [azaroak 25] mezan ere abestu dute kantu ezaguna.
Lasterketa egin ondoren, bestalde, ohi modura, herri bazkaria egin zuten herriko tabernan. Bazkaritan aurreikusitakoa baino jende gehiago batu zirela azpimarratu dute antolatzaileek. 66 lagun batu ziren mahaiaren bueltan: 10 haur eta 56 heldu. Ohi modura, bazkaltzen lehenengoak haurrak izan ziren, eta bapo bazkaldu ondoren, ludoteka zerbitzuagaz gozatzeko aukera eduki zuten.
Helduen txanda iritsi zen gero, eta bazkaloste luzea egin ondoren, IƱaki Goiogana historialari lekeitiarrak Gizaburuagako 500. urteurrenari buruzko berbaldia eskaini zuen. “Besteak beste, herriko baserriak zelan sortu ziren azaldu zigun Goioganak. Hasiera batean Lekeitioko eliza zen bertoko lurren agintaria, eta handik zelan banandu ziren ere kontatu zigun”. Eguna amaitzeko, bingoan aritu ziren. Sei txanda jokatu zituzten, eta txanda bakoitzeko irabazleak udalak emandako opari sorta irabazteko aukera eduki zuen.