Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrak kalera atera dira Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean
Azaroaren 25a da gaur, eta urtero modura, mota guztietako indarkeria gaitzetsi eta indarkeria sortzen duten agente eta egitura guztiei aski dela ozen eta argi esan dute. Herriz herri antolatu diren ekimenetan parte hartu dutenak asko eta asko izan dira.
Elkarretaratzea egiten goiztiarrenak mendexarrak izan dira. 12:00etan batuta, ordu laurdeneko protesta egin dute Herriko Plazan, Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelodun kartelak eskuetan zituztela. Lekeition, bestalde, irakaskuntza publikoak bat egin du indarkeria matxista desagertzeko aldarrikapenerakin. Lekeitio BHIko eta Lekeitio Eskola Publikoko komunitate osoa batu da “erasoen aurrean ez direla isilduko ozen” esateko. Beste hainbat herrietako ikas komunitatea ere kalera atera da.
Mendexan eta Lekeition ezeze, elkarretaratzeak egin dituzte Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Mutrikun, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren ere. Mutrikun, esaterako, manifestazioa egin dute kalerik kale eta Ondarroan, Andrabanda feministaren danbor hotsek girotuta Emakumeen aurkako indarkeriarik ez! zioen pankartaren atzean batu dira Alamedan. Elkarretaratzearen amaieran Ondarroako Udalaren eta Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluaren adierazpen instituzionala irakurri du Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak. Markina-Xemeinen, ostera, Goiko Portala izan da herritarren bilgunea. Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelopean pankartaren atzean jendetza batu da. Ostean, adierazpen instituzionala irakurri dute.
Izaro Aranburu Rementeria aulestiarrak, bestalde, azaroaren 25aren harira antolatzen denĀ IV. Durangoko Emakumeen Lasterketa irabazi zuen domekan [azaroak 24]. Durango Kirol Taldeko 15 urteko kirolariak 18 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten 5 kilometroko ibilbidea osatzeko. Garazi Sampedro Arandok eta Ainara Urrutia Iurrebasok osatu zuten podiuma.
Absolutu mailako sariez gain, gazte eta master mailako sariak ere banatu dituzte. Arantza Burgoa Agirregomezkorta ondarrutarrak (21.50), esaterako, master mailako bigarren saria eskuratu du, lasterketa bederitzagarren amaituta. Lasterketan Euskal Herri osotik etorritako 221 emakumek parte hartu dute. Antolatzaileen esanetan, Ondarroatik etorritako taldea izan da horietan guztietan jendetsuena.