Birziklapenaren garrantziaz kontzientziarazteko erakusketa sortu dute Ispasterko Eskolakoek
'BIRZIKL-ART eskola. Zegaz ez dozu kutsau nahi' erakusketa jarri dute herriko eskolako umeek asteburuan, Iñigo Egiluz aretoan.
Ingurumena zaintzearen zein birziklapenaren garrantzia eta artea proiektu bakarrean batu dituzte Ispasterko Eskolako ikasleek eta irakasleek. ‘BIRZIKL-ART eskola. Zegaz ez dozu kutsau nahi’ erakusketa sortu eta herrian jarri dute ikusgai. Bariku arratsaldetik domeka eguerdira arte, Iñigo Egiluz aretoa sormenez bete dute.
Eskola osoak parte hartu du proiektuan. Plastikoz betetako bale bat, egun bakarrean eskolako beheko solairuan pilatutako plastikoak, umeak garrasika kontzientzia sortzeko mezuak ematen… Irudi ikusgarriekin eta deigarriekin osatu dute.
Zaindu natura, papera ez bota berdera, Argia behar denean erabili, pilak bere lekura, plastikoa murriztu, ura aurreztu, mundua bakarra da zaindu dezagun, oxigenoa behar dugu… Mezu asko eta askotarikoak jaso dituzte. “Ume bakoitzak bere mezua pentsatu zuen”, esan dute Ispasterko Eskolako irakasleek.
Telefono batzuk eskegita ageri ziren, eta telefono hotsa etengabe jotzen entzuten zen, “azken deia” modura: “Gure mundua, gure planeta salbatzeko azken deia, azken aukera daukagula esan nahi genuen”. Birziklapena ganoraz egitearen garrantziaz ohartarazten du erakusketak: “Mezu hori zabaldu nahi izan diegu umeei eta familiei. Iniziatiba polita izan da”.
Agenda 21 barruko proiektua da. “Birziklapenagaz oraindik ere kontzientziarik ez dagoela ikusita, eskola moduan zer egin ahal genuen aztertu genuen. Familiak kontzientziatzeko ze modu hoberik umeetatik hasita baino. Gainera, orain dela bi urtetik sormen proiektu batean sartuta gaude eta bi proiektuak lotuz aurrera eraman dugu erakusketa”, azaldu dute.
EWWR Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruko lehiaketan parte hartuko dute proiektuagaz, eta dagoenerako bidali dute erakusketaren bideoa. Birziklapenari eta berrerabilerari buruz eskoletan egiten diren ekintzen inguruko lehiaketa da.