Ezbaian eta Gatz taldeen kontzertuak dakartza Ondarroako Portuko Ranparen urteurrenak
Ezbaian taldeak 'Ezbaian' lana aurkeztuko du zapatuan Portuko Ranpan. Gatz taldeak, berriz, 'Zertan sinetsi' estudioko bigarren lana estreinatuko du zuzenekoan.
Radixu Irratiak (105.5 FM) antolatzen duen #Sareartin Kontziertuk jardunaldien baitan Ezbaian eta Gatz talde ondarrutarrek kontzertua eskainiko dute zapatuan [azaroak 30], 22:00etatik aurrera, Ondarroako Portuko Ranpan. Punk rock estiloetan jarduten duten bi taldeek, hain zuzen, Portuko Ranparen 12. urteurrena eta Radixu Irratiako Terranobako salau irratsaioaren 25. urteurrena era berezian ospatzeko emango dute zapatuko kontzertua. Urteurrenen harira, talde biek labetik atera berri dituzten diskoen aurkezpena egingo dute herriko zaleen aurrean.
Sarrerak salgai daude bost euroren truke Noya tabernan eta Zurrumurru paperdendan. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira Portuko Ranparen txarteldegian; zaleek, kasu horretan, euro bat gehiago ordaindu beharko dute.
Oholtzara irtetzen lehenak Ezbaian taldeko Aritz Carrasco, Haizea Bernedo, Ruben Bernedo eta Gorka Ruiz Epi izango dira. Laukoteak iragarri dutenez, diskoan jaso dituzten sei kantuez gain, beste hainbat kantu ere joko dituzte. Aurretik beste hainbat kontzertu eman badituzte ere, azaro hasieran argitaratu berri duten Ezbaian estudioko lehenengo lana zuzenean aurkezteko gogotsu daude. “Lehenengo kontzertua Ondarroako jaietan eman genuen, eta gerokoan Ereñon ere jo dugu, baina diskoaren estreinaldia zapatuan egingo dugu. Lan berria etxean eta herrian estreinatzeko gogotsu gaude, ilusio handia egiten digu”, azaldu du Ruben Bernedo taldekideak.
Josu Aranburu, Seber Uribe, Eihar Uribe eta Mikel Breixo Gatz talde beteranoko kideek ere egunotan kaleratu dute Zertan sinetsi estudioko bigarren lana. Zuzenekoan dena emateko prest daude.