Horma-irudi parte hartzailearen aurkezpena egin dute berriatuarrek
Irantzu Lekue artista gasteiztarragaz batera lanean aritu diren herritarrek proiektuari buruzko azalpenak eman dituzte.
Kondairak, koloreak, herriko ohiturak, historia, aldarriak, desioak, emozioak… irudien bidez asko esan eta transmititu daiteke. Artelan batek gauza asko adierazi ditzake berba barik, eta horretaz jakitun, Mural parte hartzailea osatu dute berriatuarrek.
Haren aurkezpena egin zuten domeka eguerdian, Txapelean. Muralean lanean aritu diren kolektiboetako kideak eta Irantzu Lekue artista gasteiztarra batu ziren, azalpenak emateko.
Proiektuaren nondik norakoez hitz egin zuten: zergatik egin duten, ze helburu duen, sortze prozesua zelakoa izan den… Herriko emakume taldetik sortu zen ideia, eta gorpuzte prozesuan hainbat bidelagun izan dituzte. Emakumea ardatz hartuta egindako sormen lana da. Iragana eta oraina batzen ditu. “Betirako egongo den murala egin dugu. Urte batzuk atzera egin eta gaiak gaur egunera arte eduki duen bilakaera irudien bidez islatu nahi izan dugu”, azaldu dute Berritxuko Neskak taldearen ordezkariek.
Irailean horma-irudia diseinatu zuten eta gero, udalerriko eskolako LH5 eta LH6ko umeak eta herriko gazteak aritu dira artistagaz batera margotzen. Emaitzak harrera ona eduki du herrian. Deigarria eta erakargarria dela aitatu diete askok. “Koloretsua dela eta historia asko islatzen duela esan digute. Iritziak positiboak izan dira. Iritzi oso onak jaso ditugu, bai daukan itxuragatik eta baita biltzen duen edukiagatik ere. Jendea oso pozik dago”. Prozesua bera zelan irudikatu den azpimarratu dute emakume taldeko kideek: “Herriko kolektibo desberdinen parte hartzearen laguntzagaz egin da, bai parte teorikoa –diseinatze prozesua–, bai eta margoketa fasea ere”. Lekueren gidaritzapean gustura aritu dira; asko ikasi dute, eta hartu-eman horrek asko bete ditu.
Berriatuko, Lea-Artibaiko zein Euskal Herriko emakumeen historia bildu dute margolanean: “Irudikatu ditugun gai asko orokorrak dira. Baina, Berriatuko emakumeetan arreta jartzen dutenak ere badadaude. Esaterako baserrietan sagarra batzen egoten ziren emakumeak eta kirolari lotuta Markina-Xemein bizi izan zen erraketista famatua ageri dira”.
Herri bizia da Berriatua eta emakume taldea ere bizi-bizirik martxan dago, “maiztasun edo dinamika bat badauka”, eta beharrean jarraituko duen talde bat izaten jarraituko dutela gogora ekarri dute Berritxuko Neskak taldearen ordezkariek.