'Zaldi Urdina' dator Markina-Xemeinera
Artedrama, Axut! eta Dejabu konpainiek elkarlanean sortu duten antzezlana zapatuan taularatuko dute Uni frontoian. Momentuz, Markina- Xemeinengoa izango da Lea-Artibai eskualdean eskainiko duten emanaldi bakarra.
Artedrama, Axut! eta Dejabu konpainiek elkarlanean sortu duten Zaldi urdina antzezlana Markina-Xemeinen taularatuko da zapatuan [azaroak 30], 22:00etan, Uni frontoian. Momentuz, Lea-Artibai eskualdean eskainiko den emanaldi bakarra izango dela esan dute. Sarrerak 10 eurotan eta 5 eurotan daude salgai udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan, eta jakinarazi dutenez, egunean bertan frontoiko leihatilan ere erosi ahalko dira, emanaldia hasi baino lehen.
Bilaketa baten istorioa da antzezlana. Aingeru, 17 urteko mutil gaztea desagertu egin da tekno jaialdi batean gazte batek Zaldi Urdina izeneko droga berria kontsumitu eta bihotzekoak jota hil ondoren. Poliziak Aingeru du susmagarri nagusitzat. Hala, bere familia Euskal Herrian zehar ibiliko da, road movie moduko batean, Aingeru poliziak baino lehen aurkitzeko. “Istorio hori oinarrian, drogak Euskal Herrian utzi duen aztarna du gogoetagai antzezlanak: familietan eragin duena, memorian gorde dena, isilik mantendu dena eta oraindik ere bizirik dirauena”, azaldu dute.
Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi dute gidoia eta Ximun Fuchs aritu da zuzendaritzan. Oholtza gainean, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate, Olatz Beobide eta Ander Lipus aktore markina-xemeindarrak belaunaldi desberdinetako pertsonaiak azaleratuko dituzte. Markina-Xemeingo emanaldiaren inguruan galdetuta, “beti dela berezia”onartu du Lipusek norbere herrian aritzea. Antzezlan honetan ukitzen duten gaiarekin “jendearengana eta batez ere gazteengana- iristea eta frontoia betetzea” nahiko lukeela adierazi du aktore markina-xemeindarrak.
Artedrama, Axut! Eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean sortu duten laugarren antzezlana da Zaldi Urdina. Aurrez elkarrekin ondu dituzte Errautsak (2010), Hamlet (2013) eta Francoren bilobari gutuna (2016). Urriaren 11n Luhuson (Lapurdi) estreinatu ondoren, Hego Euskal Herriko areto eta antzokietatik bira luzea egin du antzezlanak.