Arizmendiarrietaren plaka Markina-Xemeingo udaletxera eramango dute
Udalak ekitaldi berezi bat egin nahi izan du. Plaka aldaketagaz gainera Arizmendiarrietari buruzko dokumentalaren emanaldia eta hitzaldia egongo dira zapatuan eta domekan.
Jose Maria Arizmendiarrieta Markina-Xemeingo seme kutun izendatu zuteneko plaka Zehar Kaleko udaletxe zaharretik Goiko Portaleko udaletxe berrira lekualdatuko du Markina-Xemeingo Udalak. Horren harira, gainera, beste ekimen bi antolatu dituzte bariku [azaroak 29] eta zapaturako [azaroak 30]. 1992ko uztailaren 14an izendatu zuten Arizmendiarrieta Markina-Xemeingo seme kutun.
Alde batetik, Arizmendiarrieta, el milagro de Mondragon dokumentala emango dute barikuan, 19:00etan, Esperantza aretoan. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, Jose Maria Arizmendiarreta. El hombre cooperativo dokumentalaren bertsio laburtua da dokumentala eta 55 bat minutu iraungo ditu.
Zapatuan, berriz, ekitaldi xume bezain berezia egin nahi izan dute Arizmendiarrietaren omenezko plakaren lekualdaketarekin batera. Horrela, 12:00etan, udaletxean Arizmendiarrietaren balioen unibertsoa hitzaldia eskainiko da osoko bilkura aretoan. Mikel Lezamiz izango da hizlaria eta Jasone Aretxabaleta aurkezle. “Arizmendiarrietaren pentsamenduez hausnartzeko aukera egongo da ordu bete inguruko ekitaldian”, azaldu dute.