Juanmi Gutierrez omenduko du gaur 42. Euskal Zine Bilerak
Gutierrez omentzeagaz gainera, Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren bere hiru film labur proiektatuko dituzte.
42. Euskal Zine Bileraren hasiera ekitaldia. Argazkia: Euskal Zine Bilera Euskal Zine Bileraren Begiradak Juanmi Gutierrez errenteriarrarengana zuzenduko dira gaur [azaroak 27]. Gutierrezek film labur eta dokumentagiltzan egindako ekarpen oparoa aintzat hartu nahi izan dute, eta beraz, bera izango da 42. Euskal Zine Bileraren omendua. «Gai sozialak zinemaren bidez lantzeko izan zuen pasio hori erreferente izan da zinegile berri askorentzat», adierazi dute.
Gutierrez omentzeagaz gainera, Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren bere hiru film labur proiektatuko dituzte gaur, 18:00 etan Ikusgarri aretoan: Itxoiten (1982), Izeba Rosa (1984) eta Urbeltzak, Orosia (2003). Eta hori gutxi balitz, bere azken lana izan zena estreinatuko da primizian: Denbora aldakorra (2019).
Horren ondoren, lehiaketako bost film labur egongo dira ikusgai, gaur, 19:30etik aurrera. Horrela, Naiara Mallabia Sanchezezen Bizi nahi dut (33’45’’), Nora Alberdi Odriozolaren Kuraiosa (27’10’’), Mikele Landa Eigurenen Heldu (15’39’’), Aitor Arregiren Mateoren ama (14’30’’) eta Lander Ibarretxe Perezen Regina (17’) filamak ikusi ahalko dira Ikusgarrin.
Film laburren lehiaketa; Gaurko filmak:
- Bizi nahi dut. Naiara Mallabia Sanchez 2019 (33’45’’). Film labur hau munduratzen da heriotza bizitza baino presenteago dagoen mundu batean 8 urte eta lau hilabete igaro ondoren sentitu nuena adierazteko. Espetxea deritzon pertsonak suntsitzeko kaiolan, alegia.
- Kuraiosa. Nora Alberdi Odriozola 2019. (27’10’’). Antzoki ilun bat, pantaila zuri bat, lau ahots eta pertsona bat. Pantailan agertzen diren lau pertsonek euren gelako leihoa ireki eta barnean gordeak izan dituzten bizipenak eta sentimenduak xuxurlatzen dizkiete antzokian dagoen ikusleari; hala, bere gela propioa arakatzeko beharra sentituko du.
- Heldu. Mikele Landa Eiguren 2018 (15’39’’). Anerentzako arraun egitea eskuartean bere errealitateari heltzea da. portura heltzea da, erabakiak hartzea eta heldu bilakatzea. Duela urtebete uraren aurkako lehen palada eman zuenetik, bere bizitza, bere gorputza eta bere ingurua aldatu egin dira.
- Mateoren ama. Aitor Arregi 2019 (14’30’’). Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakitzen du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea; semealabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan.
- Regina. Lander Ibarretxe Perez 2019 (17’). Carmen izeneko gazte bat moja batzuekin bizi da, berauen arau zorrotzen mende. Carmen ez da zoriontsua bertan. Ez du ulertzen zergatik urrundu duten bere aitarengandik eta elkarrekin zeukaten bizimodua faltan botatzen du.