Mugimendu euskaltzalea indartzera dei egin dute Markina-Xemeinen
AEKren eskutik herritik bisita gidatua egiten hasi dute Euskararen Eguna markina-xemeindarrek. Eguerdian, udaletxe aurrean elkartu eta 2019ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpena irakurri dute. Jarraian, 'Behin betiko' abestia kantatu dute Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako ikasleek.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuz, AEKren eskutik udalerritik bisita gidatua egin ostean, Markina-Xemeinego udaletxe aurrean batu dira Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako ikasleak, eguerdian.
Gaurko adierazpena irakurri eta Behin betiko kanta ezaguna abestu dute irasleekin eta bertan bildutako senitarteko eta herritarrekin batera.
Etorkizuna irabazteko ahaleginean, euskarak bide luzea egin duela azpimarratu dute: “Bide luzea du egina euskal gizarteak euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko. Eta asko lortu da. Jardunak berak erakutsi digu egunero, ezinbestekoa dela bide horiek, gauzak egiteko moduak, etengabe eguneratzea, eraberritzea, irudimenez biziagotzea. Eta argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiok prest gaudela, eta gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko”.
Era berean, mugimendu euskaltzalea indartzera deitu dute, bakoitzak ahal duen eta egoki ikusten duen konpromiso mailarekin, norbere aukera eta gaitasunaren arabera: “Indarrak elkartzen baditugu auzoz auzo, herriz herri euskararen aldeko dinamikak piztu eta sustatzen baditugu, Euskal Herri euskaldunago, biziago, berdinzaleago eta justuago bat eraiki ahal izango dugu. Guretzat eta hurrengo belaunaldientzat”.
Horrez gain, gaurko egunerako antolatutako ekintzak gogora ekarri dituzte bozgorailutik. Udaletxe aurreko ekitaldiaren ostean, AEKrekin kantu poteoan batu dira herritarrak. 15:30etik aurrera, berriz, Mintzodromoa egingo dute Uhagonen eta bertan banatuko dituzte IV. Bertso paper lehiaketaren sariak.
V. Bizi Bera Krosa 18:00etan hasiko dute Zelaian.