Ur Partzuergoak ACCIONAri esleitu dizkio eskualdeko zenbait araztegiren mantentze lanak
Partzuergoak kudeaketagaz eta kontrolagaz jarraituko badu ere, ustiaketa eta mantenu zerbitzua energia berriztagarrien eta azpiegitura jasangarrien ACCIONA enpresak darama. Aulesti, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar eta Ondarroakoak dira araztegiak.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ACCIONA AGUAri esleitu dio zenbait araztegiren ustiaketa eta mantenua. Hain zuzen, Lea-Artibaiko sei udalerritan dauden araztegiak dira: Aulesti, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar eta Ondarroako.
Ur Partzuergoak Bizkaiko 81 udalerritako hondakin-uren saneamentuaz arduratzen da. Partzuergoarenak dira araztegiak eta horien kontrola eta kudeaketaz arduratzen da. Halere, orain dela urte batzuetatik, araztegien ustiaketa eta mantentze lanak lehiaketa publikora ateratzen ditu. Zehatz esateko, hiru eremutan banatzen ditu araztegiak, eta beraz, hiru urteko iraupena duten hiru esleipen egiten ditu.
1. eremurako DRACE enpresagaz itxi du kontratua, 5,4 millioi eurotan. 2. eremuko lehiaketa publikoa SACYR, SAV eta DAM enpresen aldi baterako enpresa batasunarentzat izan da (4,7 milioi euro). Eskualdeko aipatu araztegiak 3. eremuan biltzen dira Bizkaiko beste hiru (Arriandi, Elorrio eta Bedia) araztegigaz batera, eta ACCIONA AGUA enpresagaz 9,8 milioi eurotako kontratua sinatu du patzuergoak. 3. eremuak 220.000 biztanleri eragiten die, eta Arriandikoa (Iurreta) da araztegirik garrantzitsuena; 124.300 biztanleren ur-hondakinak tratatzen dituzte bertan.