Erorien Haranean senideak dituzten edo izan ditzaketen eskualdeko familiak batu dira Etxebarrian
Familia batzuk Erorien Haranetik haien senideak ekartzeko tramiteak hasita dituztela jakinarazi dute, beste batzuk, ostera, berehala hasiko dituzte.
Erorien Haranean senideak dituzten edo izan ditzaketen familiekin batu ziren domekan [abenduak 1] Ahaztuen Oroimena elkarteko kideak. Guztira, eskualdeko bederatzi bat familietako kideak elkartu ziren Etxebarriko udaletxean informazioa jaso eta zalantzak argitu asmoz. “Denen artean partekatu genuen daukagun informazioa, bai familiek dakitena zein guk aurkitu duguna”, azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
Jakinarazi dutenez, eskualdeko hiru pertsona Tarragonatik Erorien Haranera eraman zituztela argitu ahal izan dute. ” Ez dira ageri Espainiako Ondare Nazionaleko zerrendetan, hala ere, 1959 urtean, beste batzuekin batera, Tarragonatik Erorien Haranera lekualdatu zituztela argitzea lortu dugu”. Pertsona horiek identifikatu barik daudela zehaztu dute, baina Tarragonakoekin batera daudela uste dute, izan zuten ibilbideari jarraituta. “DNA probek emango dute ziurtasun hori, baina Tarragonatik eraman zituzten beste guztiekin batera daudela uste dugu”.
Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek azaldu dutenez, pare bat familiak Erorien Haranetik euren senideak ekartzeko tramiteak hasita dituzte, eta euren esperientzia azaldu zuten. Beste familia batzuk, ostera, tramiteak egiten hasiko dira berehala.
Elkarteak dionez, asko dago argitzeko, eta lanean jarraitzeko intentzioa erakutsi dute.