Ispasterko uraren kalitatea bermatuta dagoela azpimarratu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak
Ura etxean arazteko tresnak ez direla "inondik inora beharrezkoak" eta egiten dituzten "analisi zorrotzen" emaitzek partzuergoaren jardun-eremuetako uren kalitatea bermatuta dagoela erakusten dutela azpimarratu dute.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zabaldutako ohar batean, Ispasterko ura kalitatezkoa izatea bermatuta dagoela jakinarazi du, bai eta bere eremu geografikoko udalerri guztietako ere.
“Ura etxean arazteko tresnak merkaturatzen dituen enpresa bat agertu da, instalazio horien truke diru kopuru handiak eskatzen dituena. Bada, horren inguruan, Ur Partzuergoak berretsi nahi du instalazio horiek ez direla inondik inora beharrezkoak”.
Ur partzuergoak duela urtebete ohartarazi zuen merkataritza-jardun horiek Barakaldon, Durangon eta Portugalete antzeman zituztela, eta oraintsu Ispasterren, Abusu-La Peña auzoan eta Arrigorriagan ibili direla enpresa horren langileak instalazio horiek eskaintzen.
Partzuergotik azpimarratu nahi izan dute bere jardun-eremuan urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan hornitzen duen uraren kalitatea bermatzen duela. “Hornitzen ditugun uren kalitatea bermatuta dagoela erakusten dute egiten ditugun analisi zorrotzen emaitzek”, zehaztu dute partzuergoaren arduradunek.
Hornidura-laborategiak ENAC ziurtagiria duela zehaztu dute, UNE-EN ISO/IEC 17025 araua betetzen duelako. Bada, laborategi horretan urtean 10.200 lagin ur analizatzen dituzte, hau da, guztira 250.000 parametro inguru. Hornidura-laborategi hori, gainera, Kontrol eta Zaintza Unitate moduan dago eratuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egiaztatzen du.
Urtegietako uraren kalitatea eta ibai-arroen kutsadura maila kontrolatzen direla gogora ekarri dute, baita ur-araztegietara heltzen diren urak eta araztegi horietatik edateko moduan ateratzen direnak ere. Horrez gain, gordailuetan, banaketa-sareetan eta kontsumitzailearen txorrotetan dagoen uraren kalitatea kontrolatzen dutela eta haren jarraipena egiten dutela azpimarratu dute.
Erabiltzaileek edozein zalantza argitu edota informazioa eskuratu gura badute, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin harremanetan jartzeko aukera daukatela adierazi dute, 94-487 31 87 telefono zenbakira deituta.