Jaurlaritzak Mijoa erreka saneatzeko hartutako konpromisoa ez duela beteko salatu du Eguzkik
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kontseilariak otsailean esan zuen Mijoa saneatzeko finantzazioa bere gain hartuko zuela Jaurlaritzak. Baina Eguzkik esan du Jaurlaritzak 2020ko aurrekontu proiektuan ez duela ibaiak saneatzeko diru sailik ipini.
Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko Mijoa errekaren saneamendua bere gain hartuko zuela esan zuen otsailean. Baina hartutako konpromiso hori ez duela beteko salatu dute Eguzki talde ekologistako kideek. “Izan ere, 2020ko aurrekontu proiektuan, asko aldatu ezean, ez dute sartu ibaiak saneatzeko diru sailik”. Beraz, saneamendu lan horiek “berriro ere” atzeratu egingo direla esan dute.
Erakundeek 2007 eta 2011 urte bitartean Gipuzkoan hainbat lan hidrauliko finantzatzeko Akordio Esparru bat izenpetu zuten. “Egiteko lan horietako bat Mijoako saneamendua zen, baina Jaurlaritzak ez zuen agindutako dirua ipini”. 2016an egindako Plan Hidrologikoak Mijoa saneatzeko beharra berriro ere agerian utzi zuela esan dute Eguzkikoek. “Plan horretan saneamendu lanak 2021era bitartean egiteko epe berria finkatu zuten”. Beraz, datorren urteko aurrekontuan ere egiteko horretarako diru sailik finkatu ez badute, 2021erako Mijoako saneamendua ez dela egingo ondorioztatu dute. “Jaurlaritzak entzungor egiten jarraitu du”.
Mijoako saneamendu lanek 3,6 milioi euro inguruko aurrekontua dutela esan dute talde ekologistako kideek. “Momentuz, Jaurlaritzak 100.000 euro baino ez ditu ipini, azter lanetarako edo”.
Iñaki Arriola Ingurumen Kontseilariak otsailean esan zuen Mijoa saneatzeko finantzazioa bere gain hartuko zuela Jaurlaritzak. Agerraldi horretan parte hartu zuen Jose Ignacio Asensio foru diputatuak ere, eta Gipuzkoa saneatzeko Akordio Esparru berri bat iragarri zuen. “Akordio Esparru berri hori zaharra ordezkatzera zetorren. Izan ere, 2016koa hein handi batean ez da bete Jaurlaritzak urratu egin dituelako hartu zituen konpromisoak”. Iragarritako Akordio Esparru berriak, hain zuzen ere, Mijoako saneamendu proiektua ahanzturatik erreskatatuko zuelakoan zeuden Eguzkikoak. Izan ere, otsaileko agerraldian Asensioak espresuki esan zuen “Mijoako gabezia historikoak konponduko zituela”. Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontu proiektuak, ostera, bestelako errealitatea erakutsi duela diote. “Dagoeneko segurutzat jo dezakegu Mijoak larriki urratuko duela Plan Hidrologikoak 2021erako ezarritako kalitate helburua; planak Mijoa egoera ekologiko onean egotea zuen helburu”.
Zehaztu dutenez, Mijoak kutsadura handia dauka, batez ere organikoa. “Hori da saneamendu ezaren adierazle nagusia”. Nahiz eta ibaia Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta egon, gaur egun “bioaniztasuna itotzen duen estolda hutsa” dela diote. “Ura agentziaren txostenetan irakurri ahal da Mijoak kalitate ezin txarragoa duela eta ingurumena muturreraino degradatzen duela”.
Gainera, Mijoa ibaia zuzenean Saturrarango hondartza ondo-ondoan itsasoratzen dela eta horrek hondartzetako uren kalitatean eragina duela diote. “Kiratsa, berriz, San Jeronimo eta Pikupeko bizilagunek pairatu behar izaten dute”. Horren guztiaren aurrean, egoera horrek noiz arte jarraitu behar duen galdetu dute.