Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeak Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren esker ona jaso du
Bilboko BBK aretoan egin zen sari banaketa ekitaldian jaso dute saria Etorkizuna taldekoek. Andren Aurreskua ere dantzatu zuten Bilboko Don Diego Lopez Haroko Kale Nagusian.
Hirugarren urtez, Bizkaian euskal dantzaren alde lanean diharduten pertsonei eta taldeei esker ona adierazteko ekitaldia egin zuen atzo [abenduak 3] Bizkaiko Dantzariek Biltzarrak, eta Eguzki dantza zaindu eta mantentzenko egindako lana eskertu zioten Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeari.
Lekeitioko dantza taldeagaz gainera, beste zazpi talde eta norbanakok jaso zuten aitorpena Bilboko BBK aretoan egin zen sari banaketa ekitaldian: Joseba Larrietak, Dindirri dantza taldeak, Zasi eskolak, Euskal museoak, Kepa Artetxek, Jon Irazabal Katak eta Euskal Dantzarien Biltzarreren lehendakari ohiak. Saria jasotzeagaz gainera, Etorkizunako dantzariek Andren Aurreskua dantzatu zuten Bilboko Don Diego Lopez Haroko Kale Nagusian.
Ohitura zaharra. Belaunaldi ezberdinetako emakumeek dantzatu dute Lekeitioko Andren Aurreskua edo Eguzki dantza. Etorkizuna Dantza Taldekoek jakitera eman zutenez, gaur egun, aurreskua San Pedro egunez dantzatzen badute ere, San Joan egunean dantzatu ohi zen aspaldi. San Joan egunean, udako solstizioan dantzatzen zen eguzkiaren omenez, eta horregatik ezagutzen zen Eguzki dantza-jaia bezala ere. Lehengo dantzaldia goizaldeko mezaren ondoren egiten zen, eguzkiak irtetean, perkalezko gona arrunta eta sorbaldetan zetazko xal txikiak jantzirik. Bigarrena eguerdiko meza nagusiaren ondoren, eguzkiak bere punturik altuena lortzen duenean eta jantziak aldatzen dira, gona beltz luzea, gonazpiko zuri brodatua, baska zuria, zapata beltzak, malporteskuak eta krespoisko mantoi dotoreak janzten dira. Azken dantzaldia errosario ostean, eguzkia sartzean, dantzatzen zen, eta horretan, eguerdiko jantzi berekin dantzatzen zuten, baina mantoiak kaxemirrezko handiengatik aldatuta.
Soka dantza berezi hori inguru hauetan osotasunean mantentzen den bakarra da; musika originala eta gerra aurreko emakumeengandik jasotako pausoak dauzka. 1682koak dira lehengo aipamenak udal agirietan. Hala ere, etenaldiak ere izan ditu. 36ko gerraren aurretik berreskuratu zuten eta frankismoaren amaieran berragertu zen plazan. Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak berreskuratu zuen orduan, berau dantzatu izan zuten emakume lekeitiarren eta haien familien laguntzagaz. Urte hartatik gaur egunera arte, Lekeitioko ehundaka emakume baino gehiago arduratu dira inoiz Andren Aurreskua falta ez izateaz.