Lekeitioko Udalak eta Isuntzak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute
Udalak 20.000 euroko diru laguntza emango dio taldeari 2019-2020 denboraldirako. Isuntzako aldageletan hobekuntza obrak egiteko prozesua martxan dagoela ere aurreratu du udalak.
Lekeitioko Udalak eta Isuntza Arraun Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute bigarren urtez. Horren bidez, arraun elkarteak Lekittarra traineruarekin datorren urteko ACT ligan parte hartzeko laguntza jasoko du.
Udalak jakitera eman duenez, 20.000 euroko diru laguntza emango dio taldeari 2019-2020 denboraldirako. Horrez gain, Isuntzako aldageletan hobekuntza obrak egiteko prozesua martxan dagoela azaldu dute. Obra horrek egitera 106.584 euro bideratuko dituzte.
«Isuntzari ACT ligan beste urte bete egotea eta emakumeei ETE ligan egotea ahalbidetzen die laguntza horrek. Aurten gainera, arraunlarien kopuruak zeharo egin du gora», esan dute Isuntzakoek. Kategoria guztiak batuz, 167 arraunlari dituztela azaldu dute: 82 neska eta 85 mutil.
«Bigarren urtez jarraian, Isuntzako mutilak gorengo mailan egongo dira eta elkarteko neska arraunlarien emaitza onekin batera, aukera paregabea eskainiko dute Lekeitioren izena ACT Ligan eta ETE ligan, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo zabaltzeko».
Denboraldi berria prestatzen hasi dira arraunlariak.