Badator Kontzezio Eguneko bertso saio handia
Kartel handia prestatu du domekarako [abenduak 8], Amaiur Kultur Elkarteak. Izen handiko sei bertsolari igoko dira Markina-Xemeingo frontoi nagusiko taulagainera.
Urtero modura, izen handiko bertsolariak igoko ditu Markina-Xemeingo Uni frontoiko oholtzara Kontzezioko Bertso Jaialdiak. Kartel handia prestatu du domekarako, Amaiur Kultur Elkarteak, eta bertsozaleentzat ezinbesteko hitzordu bihurtu den jaialdian, ohi modura, sei bertsolari ariko dira kantuan eta kontuan: Aitor Mendiluze Gonzalez, Maialen Lujanbio Zugasti, Onintza Enbeita Maguregi, Amets Arzallus Antia, Nerea Ibarzabal Salegi eta Arkaitz Estiballes Ormaetxea.
Urte askoan, Kontzezio Eguneko Jaialdian, bertsoz bertso publikoa gozarazi duen Andoni EgaƱa Makazagak ostera, bertsolarien aulkia utzi eta gai jartzailearen tokia hartuko du aurten.
Bertsolarien onena ateratzen saiatuko da zarauztarra, eta ez du lan gaitza izango, txapeldun handiak izango ditu eta bere ondoan, taulagainean. Lujanbio eta Arzallus Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak, Mendiluze Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelduna, Enbeita eta Estiballes Bizkaiko Bertsolari txapeldunak eta iazko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalistetako bat izan zen Ibarzabal Markina-Xemeingo bertsolaria.
17:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak egunean bertan erosi ahalko dituzte bertsozaleek 10 eurotan, frontoiko leihatilan.