Berriatuko Udalak aho batez onartu du eskolan sukaldea jartzeko guraso elkarteak egindako eskaera
Udalak herri ikastetxeko guraso elkartearen mozioa onartu eta gero, Eusko Jaurlaritzari bideratu dio, eta dagokion arduradunagaz batzeko prestutasuna agertu du.
Berriatuko eskola handitzeko lanak tarteko, herri ikastetxeko guraso elkarteak eskola berrian sukaldea jartzeko eskaera egin zion udalari azaroaren 22an, mozio bidez. Udalak azaroraren 28ko osoko bilkuran eztabaidatu zuen gaia, eta aho batez onartu zutela esan du Jon Arriola alkateak.
Mozioa onartuta, udalak guraso elkartearen eskaera jasotzen duen agiria eta udalaren onarpen agiria Eusko Jaurlaritzara bidali du; udalak idatzizko erantzuna ere eskatu dio Jaurlaritzari. “Herriko gurasoek merezi duten erantzuna jaso dezaten, erantzun idatzia ere eskatzen dizuegu”. Horretarako eta gaia argitzeko, gainera, Hezkuntza Saileko dagokion arduradunarekin elkartzeko prest daudela ere esan diote udal ordezkariek.