Koldo Goitia: «Amankomunazgoan udalerri guztiak gustura egotea lortu behar dugu»
Koldo Goitia lekeitiarra izendatu dute amankomunazgoaren lehendakari azken hauteskundeetan. Erakundeari beste bultzada bat ematea da bere asmoa datozen lau urteetan.
Zeintzuk izango dira Lea-Artibai Amankomunazgoaren helburu nagusiak datozen lau urteetan?
Alde batetik, lortu behar duguna da udalerri guztiak gustura egotea amankomunazgoan, eta beste batetik, erronka bat izango da baita ere eskualdean ditugun amankomunazgo biak bideratzea, era batera edo bestera. Ez dauka zentzurik herri batzuk mankomunitate bitan egotea eta bai batak zein besteak oinarrizko zerbitzu ia-ia berak ematea. Egia da herri handien eta txikien errealitatea ezberdina dela, baina oinarrian, zerbitzu berak ematen dira. Bestalde, amankomunazgoa orain dela urte asko sortutako zerbitzuak ematera mugatzen da, eta gaur egun beste batzuk ere mankomunatu ahal direla uste dut, eta berri horiek gehitzea ere gustatuko litzaidake.
Momentu honetan zein da eskualdeko mankomunitate biok duzuen hartu-emana, eta zertan hobetu daiteke?
Gaur egun baditugu hitzarmen batzuk adostuta Lea Ibarra Mankomunazgoagaz, gizarte zerbitzuak, gazteria, Gababusa eta Ispasterri ematen zaizkion zerbitzu batzuk, besteak beste, baina hori baino haratzago joan behar gara. Ez da izango erraza, zeren esan dudan modura, errealitate ezberdinak daude: landa eremuko herri txikiak dira batzuk, beste batzuk handiagoak, Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeitio, eta gero ertainak daude. Baina mahaigaineratu behar da ea zentzua daukan eskualdean mankomunitate bi edukitzeak.
Zeintzuk dira eskualdean ikusten dituzuen premiak?
Gaur egun mankomunitateak dituen zerbitzu biak zabor bilketa eta gizarte zerbitzuak dira. Gizarte zerbitzuena gero eta indar handiagoa daukan alorra da. Gero eta eskaera gehiago ditugu. Gero eta egoera txarragoan edo arriskutsuagoan bizi da jendea, eta atal horrek gero eta zerbitzu gehiago eman behar ditu. Baina badaude beste zerbitzu batzuk ere udalek euren kabuz ematen dituztenak, eta, agian, herri denak bat eginda ahal ditugunak hobetu eta merkeago eman. Urte asko dira azken zerbitzu amankomunatuak sortu zirela, gizartea aurrera doa, eta horri jarraitu behar zaio. Adibidez, hor dago berdintasun arloa. Udal ezberdinak gabiltza ahaleginak egiten, eta, agian, ahal da beste ikuspegi bategaz eskualde mailan landu eta indartu. Aukera bat litzateke amankomunazgotik lantzea.
Aurrekontuan zeintzuk izango dira lehentasunak? Noizko espero duzue onartzea?
Gure asmoa aurrekontuaren zirriborro bat hilabete honetan aurkeztea da, eta niri gustatuko litzaidake urtarrilean-edo onartuta egotea. Halere, datorren urteko aurrekontua aurtengoaren berdina edo antzekoa izango da. Oraintsu hasi gara lanean, eta langileen soldatetan egongo dira igoerak, baina bestela datorren urtera begira ez da egongo aldaketa nabarmenik. Datorren urteko ibilbidearen arabera joango gara hobeto ikusten.
Hondakinen kudeaketak garrantzi handia eduki du azken urteetan. Bide beretik jarraituko duzue?
Joan den agintaldian behar handi bat egin da, denen adostasunez, bilketa sistema hori martxan jartzeko, eta uste dut orain tokatzen zaiguna dela jendea sentsibilizatzea eta gero eta gehiago eta hobeto egiten joatea. Dauden kontainer edo sailkapen sistemak mantenduko dira, eta orain jendea kontzientziatu behar da erabil ditzaten.
Gizarte zerbitzuetan zein lehentasun dituzue?
Lege dekretu bat dago eskualde mailan ze zerbitzu eskaini behar diren adierazten duena, eta horren arabera badaukagu Lea Ibarragaz hitzarmen bat, ez dauka eta zentzurik bakoitza bere aldetik ibiltzeak. Legeak adierazten dituen zerbitzu guztiak garatzea da gure helburua. Oraindik falta zaizkigu batzuk, pixkanaka-pixkanaka goaz, baina hori da jomuga, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroan bermaturiko prestazio eta zerbitzu guztiak eskaintzea. Kasu batzuetan, zerbitzu batzuk Durangaldeagaz batera ere ematen ditugu. Izan ere, batzuekin eta besteekin hitzarmenak egiten ditugu askotan, ez daukagulako baliabiderik bakarrik emateko. Adibidez, Durangaldeagaz daukagun hitzarmenaren bidez, etxerik ez daukaten pertsonak Durangon daukaten aterpetxe baterara bideratu ahal ditugu gaua igarotzera, gure eskualdean ez daukagu-eta eraikin bat zerbitzu hori eskaintzeko.
Gazteei begirako arloetan zeintzuk dira dituzuen asmoak?
Gababusa da gazteei begira daukagun zerbitzuetatik arrakastatsuena edo ezagunena. Hala ere, badaude beste programa batzuk ere martxa ona daramatenak, Hezkidetza, esate baterako. Printzipioz, Gababusa mantendu egingo da, eta ahal bada, hobetu; inork zalantzan jartzen ez duen zerbitzu bat bihurtu da. Inork ez luke ulertuko gaur egun gazteak Gababus barik herrietako jaietara joatea.
Turismoa edota lehen sektoreagaz zerikusia daukaten jardueretan ezer bultzatuko duzue amankomunazgotik?
Arlo horiek ez dira amankomunazgotik eramaten gaur egun. Garai batean eramaten zen garapen ekonomikoa, baina gero hori amankomunazgotik atera zen, eta Garapen Agentziatik egiten da. Garapen Agentzian ere ez gaude udalerri denak, sei bakarrik gaude. Horrek seirok gehi Lea Ibarra Mankomunazgoagaz beste hitzarmen baten bidez bultzatzen dugu turismoa. Hor gaude erakunde ezberdinak, beti berdinak, era desberdinetan antolatuta eta guzti hori ordenatu beharra dago. Mankomunitate bi, garapen agentzia bat, Azaro Fundazioa, Landa Garapen Elkartea… eta bazkideak beti gara berdinak.
Oposizioari zer eskatzen diozu?
Nik pentsatzen dut azken lau urteetan ere ez dugula eduki inolako arazorik amankomunazgoko gaietan. Ez dugu eduki gatazka handirik. Azken batean, amankomunazgotik eramaten diren zerbitzuak denon onurarako dira, herritarren onurarako, bai alderdi batekoak izan zein bestekoak. Ez dut uste arazorik edukiko dugunik amankomunazgo mailan. Hasiera batean eduki genuen eztabaida zaborren ereduaren gainean, baina akordura ailegatu ginen segituan. Eredua Bizkaiko lehenengoa izan zen, proiektu pilotu gisa, eta orain, kontu egizu, eredu hartuko dute Bizkai guztira zabaltzeko. Gizarte zerbitzuen kontura ere ez dago arazorik.
Lekeitioko alkate eta Lea-Artibaiko lehendakari. Zelan moldatuko zara?
Azkenean, han eta hemen, hemen eta han. Ezarri ditut egun batzuk amankomunazgoan egoteko, eta azkenean nire denbora pertsonaletik ordu gehiago sartzea izango da kontua. Aurreko agintaldian Lekeitioko alkate bakarrik egon nintzen, Lekeitio ezagutu dut, ikaragarrizko taldea daukat, eta eurek ere asko ezagutzen dute Lekeitio. Beraz, orain, askoz errazagoa da niretzat ardura batzuk euren esku uztea, nork bere arloa ondo ezagutzen duelako. Eta orain, beste ikuspegi bategaz, eskualdea ezagutuko dut hobeto. Niretzako erronka polita da, eta amankomunazgoari beste bultzada bat ematea gustatuko litzaidake.