Jende asko Lekeitioko argazki zaharren erakusketan
Lehenako istorioak eta bizipenak ezagutzeko aukera ekarri du Lekeitioko Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatutako ekimenak. 100dik gora argazki jarri dituzte ikusgai.
Jende ugari erakarri du, aurten ere, Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatutako herriko argazki zaharren erakusketak. 100 argazki baino gehiago jarri ditu ikusgai elkarteak Barandiaran aretoan, eta antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketak iraun duen hamar egunetan –azaroaren 29tik abenduaren 8ra– jende asko hurreratu da aretora.
Aurtengo gaia, Hondartzako argazkiak izan dira, eta gaiak ikusleen parte hartze handia ekarri duela aitatu dute Aittitta Txiki elkartekoek. “Lehenako istorioak eta bizipenak gogora ekarri dituzte ikusle askok, eta beraz, gure historia ezagutzeko aukera eman du”. Argazkietan, batez ere emakumeak eta umeak ageri direla zehaztu dute, “izan ere, gizonezkoak itsasoan egoten ziren orduan”. Garaiko bainujantziak eta ohitura ezberdinak ekarri ditu gogora erakusketak. Baina, jakinarazi dutenez, arrakasta handiena udaleko bando batek eduki du. “Beste bitxikeria batzuen artean neskak neskekin eta mutilak mutilekin bainatu behar zirela edota modalak zaindu behar zirela dio 1945eko bando horrek, eta jendeak argazkiak ere atera dizkio”. Elkartearen artxiboan gordeta zeukaten udalaren dei berezia.
Aurtengo erakusketaren balorazio oso ona egin du Aittitta Txikik, oso pozik gelditu dira erakusketak izan duen erantzunarekin, eta argazkiak utzi dituzten herritarrei eskerrak eman dizkiete.